Ikust Alaia bigarren fasean sartu da
Barrualdean zentratuko dira, espazioak doituko dituzte, alegia. 1.750.677,28 euro dituzte horretarako eta 12 hilabeteko epea.
Ikust Alaiaren bigarren faseko lanak hasi dituztela jakinarazi du Irungo Udalak, lehen zatia 2019 eta 2020 urteen artean egin zuten. Eraikinaren egitura, estalkia eta fatxadak birgaitu zituzten eta komunikazio modulu berri bat sortu, igogailu batekin. 993.059,05 euroko kostua izan zuen eta erdia aldundiak ordaindu zuen.
Oraingoan barrualdea txukundu eta espazio guztiak gaituko dituzte, Cristina Laborda Obretako ordezkariaren arabera. “Fase honekin, Irungo eraikin enblematikoenetako baten berritze integrala osatuko dugu”.
Beharrezkoak diren instalazioak egingo dituzte, hala nola, klimatizazioa, aireztapena, suteak hautemateko eta itzaltzeko gailuak, lurzoruak edota komunak. Horrez gain, komunikazio moduluaren eta igogailuaren fatxada berriak egingo dituzte.
Esku hartzearekin amaitzeko, eraikinaren kanpoko urbanizazioa egokituko dute. Horretarako, 1.750.677,28 euroko aurrekontua erabiliko dute eta 12 hilabetetan burutu beharko dute. Lanen arduraduna Obras Especiales de Edificacion e Infraestructuras SAU da.
Ikust Alaian proiektu museologiko bat prestatzen ari direla oroitu du udalak eta asmoetako bat Luis Mariano aktore eta abeslaria ezagutzera ematea dute. Horrez aparte, Irungo historia guztia berrikusi nahi dute eta horri dagokionean museoa ezartzeko plana lantzen ari direla adierazi dute. “Bertan erakuts daitezkeen elementuak kudeatzen eta hautatzen”.