Euskal festetan emakumeen presentzia aztertuko dute, etziko mahai inguruan
Gasteizeko Neska eta Blusen kuadrilletako, Kresala danborradako edota Farapi elkartekoek osatuko dute mahaia, besteak beste.
Berdintasuna Euskadiko herriko jaietan jorratuko dute abenduaren 2an, 18:00etan, Palmera Monteroko 2. aretoan egingo den mahai inguruan. Txingudiko Elkarte Feministak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Maggie Bullen eta Begoña Petxarroman antropologoek Emakunderentzat aztertutako “Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak” txostena izango dute oinarri eta mahaian egongo diren guztiek parte hartu zuten ikerketa horretan.
Euskal festetako emakumeen parte hartzeari buruz arituko dira, beraz. Horretarako, Gasteizeko Neska eta Blusen kuadrilletako Enara Berganzo eta Arrate Ruiz de Escudero gerturatuko dira; Tere Barrenetxea Kresala danborrada taldekoak ere hitza hartuko du. Talde hori lehena izan zen emakumeen parte hartzea desblokeatzen, 1980an urketari profila sortu zutenean.
Tolosako Farapi elkarteko kideak ere mahaiaren inguruan eseriko dira. Antropologia Soziala oinarri duen aholkularitza bat da beraiena eta berdintasun planak gauzatzen dituzte, besteak beste. Tolosako jaietan berdintasunaren aldeko bitartekariak izan ziren eta Zegamakoetan prozesu parte hartzailea bultzatu zuten.
Bidasoan emakumeen parte hartzearen gainean ikerketa asko egindako Mertxe Trantxe historialaria eta Maggie Bullen antropologoak ezin zuten huts egin. Beraiekin batera beste irundar bat ere izango da, Ana Perez. Moderatzaile lanak egingo ditu aktore, antzerki zuzendari eta irakasleak.