Bidasoa esku hutsik itzuli da Danimarkatik
Garaipenetik urrun geratu ziren atzokoan bidasoarrak (38-27), eta laugarren jardunaldia jokatuta, hirugarren dira sailkapenean, lau punturekin.
Bidasoa Irun esku hutsik itzuli da Danimarkatik. Jacobo Cuetararen mutilek atzo jokatu zuten EHF European Leagueko Multzoen Faseko laugarren partida Skanderborg-Aarhus taldearen kontra, eta garaipenetik oso urrun geratu ziren (38-27). Artalekun jokatutako biak irabazi badituzte ere, etxetik kanpo ez du punturik lortu momentuz Bidasoak. Momentu honetan, bidasoarrak sailkapeneko hirugarren postuan dira, lau punturekin.
Etxetik kanpo jokatu zuten azken neurketan bezala, lehen minutuetako berdintasunak danimarkarren markagailuko aldeei utzi zien tokia. Zazpigarren minuturako, 6-3 ziren atzetik bidasoarrak, eta Cuetarak lehen hutsartea eskatu zuen. Hutsartetik bueltan, etxekoak sendo mantendu ziren, markagailuko aldea handituz, baina Bidasoak jokoa epeldu eta hiru golera hurbildu zen hogeigarren minutuan (12-9). Azken hamar minutuetan, baina, 9-4ko partziala sartu zion Skanderborgek Bidasoari eta zortzi gol atzetik iritsi ziren atsedenaldira (21-13).
Bigarren zatian, Bidasoa Irunek bere jokoa zuzendu nahi izan zuen, baina euren borondatea pistan gertatzen ari zenetik urrun geratu zen atzo. Danimarkarrak nagusi izaten jarraitu zuten, eta hamaika goleko aldearekin gailendu ziren (38-27).
Europako partida jokatuta, egutegiak ez du etenik Bidasoarentzat, Asobal Ligako norgehiagoka garrantzitsua baitu larunbatean Artalekun Bada Huescaren kontra, 18:30ean. Puntuak etxean geratzea gakoa izango da Bidasoarentzat, ligako azken hiru neurketak galdu baitituzte. Horrez gain, larunbatekoa izango da urteko azken partida Artalekun.