Aurrekontuetarako hiru negoziazio ildo erabiliko ditu EAJ-k
Udal gobernuak eskura dituen baliabide guztiak erabili dituela diote, baina oso baldintzatutakoak direla. Proposamena garatzen ari dira.
Duela bi aste udal gobernuak 2023ko aurrekontuak aurkeztu zituen eta EAJk bere hiru negoziazio ardatzen berri eman du.
Jarrera baikorra eta proposamenen bidez laguntzea duena izan dutela beti nabarmendu dute, hasteko. Oraingoan ere jokabide horri eutsiko diotela diote.
Proposamen bat lantzen dabiltzala aurreratu dute eta horrek izango dituen hiru ardatz nagusiak zein diren esan dute. “Uste dugu hiru proposamen hauek Irunek gaur egun dituen beharrizan batzuk islatzen dituztela, eta era berean, irundarrentzat anbizio handiagoko Irun baten alde egiten dutela”.
- VIA Irunen hurrengo zehaztapenak sartzeko konpromisoa: Irun banatzen duen trenbide arrakala ezabatzen joateko, trenbide hondartza estaltzea eta hiriaren alde bateko eta besteko auzoen arteko ibilgailuentzako konexio iraunkorra ezartzea.
- Segurtasun eta Bizikidetza Planaren garapenean arduraz jokatzea, Irun segurtasuna, askatasuna eta ongizatea bermatuko dituen hiri bat izan dadin.
- Ikastetxeetan inbertsio handiagoa egiteko konpromisoa.
Oraingoan aurkeztutako aurrekontuak eskura dituen baliabide guztiak aktibatu dituela uste dute jeltzaleek. “Esan genezake diru guztia mahai gainean jarri duela. Gure taldea eta udal gobernuaren artean azken urteotan desadostasun iturri izan den gaia”.
Dena den, aurrekontuak iaz baino askoz baliabide gehiago dituen arren, ekarpenak egiteko edo jarduera berriak proposatzeko tarte gutxiago dagoela deitoratu dute.
EAJ-ren esanetan kuantitatiboki oso aurrekontu garrantzitsuak dira aurtengoak baina oso baldintzatuta daudenak. “Pasaden urteetan adostutako proiektuen ondorioz, gure taldeak babestutako proiektuak jarduera jakin batzuetarako Europako finantzaketaren ondorioz, eta baita inflazioaren ondorioengatik ere”.