Zaisa Txingudik bat egin du Euskaraldiarekin
Lehenengoz atxiki dira egitasmora, euskararekiko duten konpromisoa berretsiz. Horrez gain, bi arigune sortu dituzte.
Zaisa Txingudi Errugbi Taldeak bat egin du lehen aldiz Euskaraldiarekin. Bidasoarrek euskararekiko duten konpromisoa berretsi nahi izan dutela iragarri dute, eta euren esparruan bi arigune sortu dituzte. Iñigo Aizpurua klubeko eskolako zuzendaria da, eta azaldu du urteak daramatzatela kideen artean “euskararen sustapen aktiboa egiten, baina horrelako ekintza batera atxikitzea falta zitzaigun”.
Errugbi eskola da ariguneetako bat, bestea, berriz, Plaiaundiko kantina. Aizpuruak aipatu du “tamalez” Euskaraldiak iraungo duen denboran ez dela partidarik izan Plaiaundin, baina egoera hori “konpontzeko” aukera izango dutela larunbatean; izan ere, Txingudiko 16 urtez azpiko taldearen Getxoren aurkako neurketa larunbat honetara aurreratu da, hortaz, “Euskaraldiaren azken egunean gure bigarren arigunea publikora irekia izango dugu”, jakinarazi du eskolako zuzendariak.
Gazteak protagonistak
Gizonen senior talde nagusiak ez du partidarik jokatuko asteburuan, baina 16 urtez azpiko talde eta jokalariek lana izango dute asteburuan.
16 urtez azpiko neska-mutilek Getxo B jasoko dute larunbatean Plaiaundin, 11:00etan. Bizkaitarrek liga sendo hasi dute, jokatutako bost partidetatik hiru poltsikoratu baitituzte, hortaz, erronka polita izango dute bidasoarrek. Txingudi, berriz, denboraldiko lehen garaipenaren bila irtengo dira berdegunera. Joaneko partidan 31-15 nagusitu ziren getxotarrak.
Igandean, aldiz, errugbi eskolak hartuko du lekukoa. Klubeko gazteek Arrasaten izango dute topaketa, 10:30ean, Mojategiko zelaian. Etxeko taldeaz gain, La Unica eta Iruña dira parte hartuko duten beste taldeak.
Hainbat jokalari Gipuzkoako selekzioekin
Larunbatean, Gipuzkoako neska errugbilarien eta 13 eta 14 urtez azpiko mutilen entrenamenduak egingo dira Eibarren eta Ordizian, hurrenez hurren.
Neskak Eibarko Unbe zelaian elkartuko dira 11:00etatik aurrera. Deialdietan ohikoak diren neskez gain, klubeko jokalari gehiago batzea bilatzen du Txingudik. Mutilek, ordea, Ordizian izango dute entrenamendua, 10:00etan, Gipuzkoako Errugbi Federazioak antolatutako topaketan.