'Un Oscar para Oscar' antzerkia, abenduaren 7an
Antzerkizaleek hitzordua dute. Txalo Produccionesen antzezlana hurrengo asteazkenean izango da, Amaia KZn, 19:00etatik aurrera.
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du datorren asteazkenean, abenduak 7, antzerkiarekin hitzordua dagoela Amaia KZn. Txalo Produccionesen eskutik, Jon Plazaola, Agustin Jimenez, Rebeca Sala eta Mara Guil antzezleek ‘Un Oscar para Oscar’ obra antzeztuko dute, 19:00etatik aurrera.
Sarrerak salgai daude dagoeneko ohiko puntuetan: Irungo Udaleko webguneko sarreren atalean, Luis Marianoko turismo bulegoan eta Amaia KZko leihatiletan ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada. Sarrera orokorrak 15 euroko prezioa du, eta hobaridunak, berriz, 10ekoa.
Sinopsia
Los Angelesen gaude, Oscar sariak banatzeko zeremoniaren egunean, hiriaren kanpoaldeko motel xume batean, eta, urrutira, beirate baten beste aldean, Hollywoodeko kartel erraldoia ikusten da. Logela hau izango da agertoki bakarra. Bertan dira Oscar Manzano, sarietarako hautagai izendatu duten film labur baten zuzendari gaztea, eta Kulturako ministro Guillermo Barrientos eta Ogasuneko ministro Irene Navarro -Oscarrek ere ez daki zergatik dauden berarekin-.