Korrokoitz karrikako lanak 2024an hasiko dira
300 etxebizitza eraiki eta horietatik %20 alokairu sozialetara bideratuko dituzte. Egungo bizilagunen lekualdatzeetan "iragaitzazko irtenbideak" izan daitezkeela zehaztu du alkateak.
Korrokoitz karrikako berriritartze lanen moldaketaren berri eman dute gaur Jose Antonio Santano alkateak, eta Miguel Angel Paez alkateordeak. Helburu nagusiena eremua berreskuratzea dela azaldu du Santanok baina batez ere familia berriak eramatea dute xede, “bizitza berria egon dadin”.
Gaur aurkeztutako plana behin-betiko urrats bat dela dio alkateak. Pasa den astean Udalbatza osoak onartu zuen plana, eta gaurko agerraldian, lanekin 2024an hastea aurreikusi dute. “Esan genuen agintaldi honetan errealitate bihurtuko zela plana, eta ikuspegi formaletik hala da, bideragarritasun-plan bat dugulako”.
Korrokoitzeko plana
Alde Zaharraren itxura aldaketa duela 10 urte hasi zela oroitu du alkateak. Urdanibia plaza 2013an berritu zuten eta jarraian Uranzu pilotalekua. Orain, Dunboa kanalarekin, Ama Xantalen karrikarekin, Uranzu karrikarekin, Korrokoitz karrikarekin eta Urdanibia plazarekin muga egiten duen 16.000m2-ko ingurua da protagonista. Xehatuta, Sestra gaineko hirigintzako eraikigarritasuna, 26.100 m2-koa da; Bestetik, Sestrapeko hirigintzako eraikigarritasuna 20.000 m2-koa.
Bertan 8 eraikin, 300 etxebizitzatan banatutakoak eraiki nahi dituzte, eta horretarako, egun zutik dauden 30 eraikin bota. Eraikiko dituztenetatik %20 babes ofizialeko etxeak izango dira eta etxebizitza publiko horiek alokairu sistemarekin kudeatu nahi dituzte. Alokairu sozialaren politika Irungo Udalaren apustua dela berretsi nahi izan du Santanok.
Inguruaren ardatza bertan dagoen Dunboa kanalaren alboan jarriko duten espaloi-errepidea izango da, 20 metroko luzerakoa. Ama Xantalen karrika, Uranzurekin batuko du eta Arbeseko auzotarren parte izango dela ziur azaldu du alkateak. Oro har, inguru horretako bizilagunen egunerokoa aldatu dela uste du.
Sortuko duten errepide hori pribatua izango da, etxebizitzetako garajeetara iristeko soilik balioko duena. Espaloian, ibilbide berde bat sortuko dute eta kirol eta kultur ekipamenduak izango ditu. Horrez gain, Urdanibia plazatik kanala ikusi ahalko da.
Azken 10 urteetan Alde Zaharrean egin dituzten eraikuntzen estetika eta arkitekturari erreparatuta ikus daiteke San Martzial karrikan edota Uranzu pilotalekuarekin ez dutela ondarea eta arkitektura errespetatu. Kasu honetan ea errespetatuko duten galdetuta, alkateak esan du eraikinen xehetasunetara pasatzen direnean aztertuko dutela hori.
Dena den, Alde Zaharra hiriaren bihotza dela presente dutela dio Santanok eta Korrokoitzeko inguruan Alde Zaharreko diseinu propioa errespetatzea dela intentzioa. Ildo horretan, etxebizitzen aurrealdeetarako irizpide batzuk daudela adierazi du eta eraikuntzen diseinuekin hasten direnean arreta jarriko diotela horri. “Alde zaharra bezala identifikatzea bilatzen dugu, hori balio bat dela uste dugulako”.
Oraingo bertako bizilagunen etorkizuna
Hogei eta hamar bat pertsonek pairatuko dute haien etxebizitzen eraistea. Hori izan dela Korrokoitz deituriko proiektu honen konplikazioen eta atzerapenaren arrazoietako bat azaldu du Santanok, bizilagun horiek lekualdatu behar dituztelako. Zehaztu du jada promotore batek esku hartu duela lekualdatze horietan.
Promotore hori dela plan honen baitan emango diren aurrerapausoez bizilagunei zuzenean informatzeaz arduratuko dena baieztatu dute eta udaletxea hori hala izateaz arduratuko dela. Xehetasunak, erabakiak hartu heinean ematea dute asmo eta azalpen puntualak izango direla. Bestalde, izena eman ez duten promotore hori ari da etxebizitzak eta lursailak erosten.
Plana onartu eta geroko fasea “urbanizazio eta birpartzelatze” proiektuari dagokio eta 2023an gauzatzen hasi nahi dute. Hori burututakoan, oraingo etxebizitzak eraisten hasiko dira. Udalak hala definitu du proiektuaren momentu horri: “Alde Zaharra biziberritzeko iraultza hasiko da”.
Bizilagun horiek eraikiko dituzten etxebizitzetan bizitzeko lehentasuna izango duten galdetuta, alkateak buelta eman dio esaldiari eta ez dela lehentasun kontua baizik eta “bai ala bai” lekualdatu behar dituztela erantzun du. Eraikiko dituzten etxebizitzen %10 oraingo bizilagunentzat izango dela baietsi du aldi berean. Gutxi gorabehera 70 m2 etxebizitzak dira eskainiko zaizkienak.
Bereizketa egin du lursailen jabeak diren edota bertan bizi direnen artean alkateak; lur sailen jabeek bertan eraikiko dituzten etxebizitza batzuen jabe izan daitezkeela dio, baina, aldiz, bertan bizi direnek, lekualdatzeko eskubidea dutela. Ezberdintasun hori nabarmendu nahi izan du.
Asmoa, beraz, bertako egungo bizilagunak Korrokoitz kalera lekualdatzea dela esan du Santanok. Baina etxe berri horietara lekualdatzea gauzatu arte, bitartean, “iragaitzazko irtenbideak” izan daitezkeela dio. “Iragaitzazko konponbideak egon daitezke, obra nola gauzatu behar dugun kontuan hartuta, baina nik uste dut oso ondo landuta dagoela obra birkokatzeak konpondu ahal izateko lehenik, eta gero planak aurrera egiteko.