Hiri eredu bidezkoagoa aldarrikatu du Podemos Ahal Duguk
Alderdi moreak triptiko batzuk bidali ditu postontzietara David Nuño alkategaia eta Miren Etxebeste ahaldun nagusigaia ezagutzera emateko.
Bi urte dira Podemos, IU-Ezker Anitzarekin koalizioan, Irungo udal gobernuan sartu zela helburu “argiarekin”: hauteskunde programatik abiatuta, gobernu programa eta ituna betetzea, militantziaren eta gizartean sortutako egoera koiunturala eta gizarte zibilaren eskariak kontuan hartuta.
Denbora horretan egindako balantzea “ona” dela azaldu du alderdi moreak, baina beti hobetzeko tartea dagoela zehaztu du David Nuño alkategaiak: “Orain arte egindakoarekin ez gara konformatzen, gehiago nahi dugu”.
Podemos Ahal Duguk ongizatea zerbitzu publikoen bidez bermatuko duen hiri eredu bidezkoagoa aldarrikatu du. David Nuño alkategaia eta Miren Etxebeste ahaldun nagusigaia ezagutzera emateko, alderdi moreak triptiko bat bidali du Irungo postontzi guztietara. Dokumentu horretan David Nuñoren aurkezpen txiki bat jaso dute, feminismotik abiatuta, enplegua ere tratatzen duen bost ardatz nagusiez osatua. “Bereziki” aipatu dituzte Irungo aparkalekuak, momentu honetan dagoen “gai gorietako” bat baita, eta Podemosek eutsi du alkategaiak “konponbidea” eman diezaiokeela udalean egonez gero.
“Irun bizirik dagoen hiria” izatea nahi dutela azpimarratu du Miren Etxebestek, eta gaineratu du ez dutela “postalezko hiri hutsa izatea nahi, eta gauza bera nahi dugu Gipuzkoako gainerako udalerrietarako”. “Batzar Nagusietan egingo dugun lanak ez du inor atzean utziko” aurreratu du ahaldun nagusigaiak.
“Egonkortasunaren, aurrerapenaren eta gizarte politiken bermea gara. Irunen argi erakutsi dugu, orain esperientzia hori lurralde osora zabaldu nahi dugu”, nabarmendu du Etxebestek.
Triptikoek, gainera, posta elektroniko bat dakarte, herritarrek euren proposamenak bertara bidaltzeko, eta Nuñok herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu: “Ez ginateke hemen egongo herritarrengatik eta herritarrek gugan jarri duten konfiantzagatik ez balitz. Hau ez da norabide bakarreko bidea, herritarrek zer iritzi duten jakin nahi dugu, hirian zer behar duten. Maiatzean hasi genuen entzute prozesuak ez du harremanetarako bide bakarra izan behar; aitzitik, bai triptikoan agertzen den posta helbidea, bai gure egoitza, Izaga kalean dagoen Gure Morada, irekita daude hurbildu edota lagundu nahi duten guztientzat”.