Artia eta Behobia artean, orduko 30 kilometrora
Artiako Lagunak taldeak jakinarazi du ibilgailuen abiadura muga aldatzeko seinaleak jarri dituztela, 2021eko abenduaren 23an Osoko Bilkuran adostutako akordioa betez.
Denbora luzez borrokan egon ondoren, Artiako Lagunak taldeak jakinarazi du Artia eta Behobia arteko errepidean, Juan Thalamas Labandibarren, orduko 30 kilometroko abiadura gaindi ez dadin azaltzeko seinaleak jarri dituztela. Hortaz, 2021eko abenduaren 23an Irungo Udaleko Osoko Bilkuran adostutako akordioa betetzen hasi direla zehaztu du taldeak.
Murrizketa horrek zarata eta kutsadura gutxiago eta oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen segurtasun handiagoa ekarriko dituela azaldu dute taldekideek. Horrez gain, eskerrak eman dizkiete orduko 30 kilometroko murrizketa hori gauzatzea posible egin duten erakunde, kolektibo eta pertsona guztiei.