Zigarrokinak lurrera ez botatzeko kanpaina
Hiriko sei karrika eta plazetan zigarrokinak lurrera botatzearen kalteaz informatzeko ontziak jarriko dituzte, igande honetan.
Txingudi Zerbitzuak-ek eta Irungo Udalak zigarrokinak lurrera ez botatzeko sentsibilizazio kanpaina jarriko dute martxan igande honetan. Borja Olazabal izan da egitasmoaren aurkezpenean eta zigarrokin bakoitzak 50 litro ur kutsa ditzakeela oroitu nahi izan du.
Santiagotarrak Kirol Elkartea ere murgildu da kanpainan eta beraien egoitzan geratu dira igande honetan zigarrokinak botatzeko ontziak prestatzeko, 10:00etan. Hogei eta hamar neska mutilek parte hartuko dutela zehaztu dute. Geroago, ontziak jartzeko hirira irtengo dira.
Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak azaldu du ontzi, eta ez hautsontzi diren horiek proposatuko duten dinamika zein den. “Ontziak binaka zintzilikatuko dira eta galdera bat eta bi erantzun posible izango dituzte inprimatuta. Zigarrokina ontzi batean sartu beharko dute, boto moduan”.
Zigarrokinen zakarrontziak non jarri erabakitzeko, horiek gehien pilatzen diren guneak identifikatu ditu Txinzerrek: Ricardo Alberdi zumarkalea, Urdanibia plaza, San Martzial kalea, San Juan Harri plaza, Karrika Nagusia eta Eihera plaza.
Ontziez gain, zigarrokinak lurrera botatzeak dakarren kalteaz informatzeko eranskinak jarriko dituzte. Horrela, bide publikora botatzen diren zigarrokinen kopurua nabarmendu nahi dute.