Material birziklatuen eskulturak, ekonomia zirkularrean kontzientziatzeko
Gipuzkoako Lanbide Heziketako 12 ikastetxek hartu dute parte egitasmoan, Irungo Bidasoa FP eta Mendibil Prestakuntzarako Zentroa partaide izanik.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak ‘Ekonomia zirkularra modelatuz’ eskulturen erakusketaren laugarren ekitaldia jarri du martxan. Gipuzkoako Lanbide Heziketako 12 ikastetxek eskulturak egin dituzte birziklatutako materialak erabiliz; eta egitasmo horren xedea da islatzea Gipuzkoako gazteak hondakinak prebenitzeko eta behar bezala kudeatzeko gai direla, ekonomia zirkularra sustatuz.
Gaur goizean eginiko agerraldian, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak aintzatespen ekitaldi bat egin du laugarren edizio horretan parte hartu duten 12 ikastetxeei diplomak emateko. Hauexek dira egitasmoan parte hartu duten ikastetxeak: Azkoitiko Izarraitz, Oñati BHI, Zarauzko Oteitza Lizeoa, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Andoaingo La Salle Berrozpe, Donostiako Ortzadar, Irungo Bidasoa FP et Mendibil Prestakuntzarako Zentroa, Hernani Lanbide Heziketa, Mutrikuko Kardala, Elgoibarko Meka eta Eibarko Armeria Eskola.
Ikastetxe horietako ikasleek material birziklatuekin egindako eskulturak osatu, eta horien inguruko hausnarketak eta diseinuak landu dituzte. Lan horiek Donostiako Bulebarreko Ugartemendia plazan daude ikusgai ‘GK Recycling’ karpan.
Asensio diputatuak azaldu du garrantzitsua dela “ekonomia zirkularraren ikuspegia gure gazteen hezkuntzan txertatzea, lurraldearen etorkizuneko talentuak formatzeko jasangarritasun politiketan eta etorkizuneko erronken inguruko kontzientzia eta sentsibilizazioa sortzeko”.
Ekonomia zirkularra Ingurumen Departamentuaren helburu estrategiko bat da, hondakinak murrizteko eta lehengai gisa erabiliko dituen sektore ekonomiko berri bat bultzatzeko. Gaur egun sektore horrek 6.500 lanpostu sortzen ditu Gipuzkoan, eta 1.425 milioi euro fakturatzen ditu, BPGd-aren %5,3. 650 milioi euro baino gehiagoko eragin zuzena du Gipuzkoako ekonomian.