Korrokoitzeko emaitzarekin pozik da EAJ
Biharko Osoko Bilkuran onartuko da behin betiko proiektua. Jeltzaleak kontent dira egindako lanak "fruituak" eman dituelako eta "Irungo Alde Zaharraren hobetzean aurrera pausoak" emango direlako.
Bihar Osoko Bilkurara eramango da Korrokoitzeko eremuaren behin betiko onarpena, eta Irungo EAJ “pozik” da egindako lanek “fruitua” eman dutelako eta horri esker “Irungo Alde Zaharraren hobetzean aurrera pausoak” emango direlako.
Jeltzaleek eutsi dute lau urte direla Korrokoitzeko eremua “berpiztu” zela. Zonalde horrek urte “gehiegi ahaztua” zeramala azaldu du EAJk, eta “zalantzarik gabe” bultzatu zutela udal gobernura iritsi zirenean. Orain, baina, 2017an lortutako jabetza ordezkatzen duen arkitektoen eta udal teknikarien arteko akordio bati esker, bihar onartuko da behin betiko. Akordio hori, gainera, “funtsezkoa eta irundarrak kontuan hartzen” dituena dela baietsi dute alderdiko kideek.
EAJk nabarmendu du udala, urte askoren joan etorrian, ez dela “gai izan” Urdanibia plazako inguru horretako hirigintza proiektua “bideragarri” egingo duen antolamendu planteamendurik egiteko, baina “uste baino geldoago” joan den prozesua bada ere, iritsi delako “pozik” daude: “2020an esan genuen bezala, pozten gara, gure taldeak, EAJk, Alde Zaharra garatzeko apustu argia egin ondoren, hain beharrezkoa den gune honetan urrats sendoak eman direlako”.
Jeltzaleek ere interesgarritzat jo dute prozesu horretan zehar aurkeztutako antolamendu dokumentuak aztertzea: 2008koa Korrokoitz “blokeatua” zegoenekoa, 2018koa gobernuan sartu zirenean aurkeztutakoa, eta oraingoa. “Azken bi hauek alderatuz gero, ikusi eta egiaztatu daiteke bere garaian landutakoa eta egun udalbatzara eramango dena berdinak direla. Lan eraginkor baten emaitza da”.