Irungo udal garbitzaileen baldintzak hobetzea eskatu du komiteak
Baldintzez negoziatzeko bilera zuten pasa den astean baina Samyl enpresako inor ez zen agertu. Plegu berririk ez banatzeko egoera horren aurrean eskatu diote udalari.
Joan den azaroaren 7an Samyl enpresarekin, Irungo udal egoitzen garbiketa lanak kudeatzen dituenarekin bilera zuen enpresa batzordeak baina enpresaren ordezkariak ez zirela agertu salatu du komiteak, ELA, LAB eta CCOO sindikatuen babesarekin.
Eskaera garbia egin dute komiteak eta sindikatuek: plegu berriak ez ateratzea orain arteko baldintza berdinetan, “horrek langileak prekarietatera kondenatzen baititu”.
Baldintzak hobetu behar direla argi dute eta eredu gisa jarri dute norabide horretan beste udalek egindakoa: “Inguruko udaletan garbitzaileen lan baldintzak %20, %15 inguru hobetuko dira”.
Deitoratu dute, gainera, kontra proposamena egin nahi zuela Samylek baina ez dutela deus jaso. “Samyl enpresari galdetu diogu zer pasatzen den kontra proposamenarekin, dena ezezkoa eta “bihar bidaliko” dizuet izan da”.
Gutxieneko errespetua ez dela bermatzen langileen ordezkaritzari eta langileekiko diote sindikatuek eta salatu dute enpresaren arduraduna Madriletik lanean egotea. “Ez gaitu harritzen horrelako enpresek horrelako jarrera lotsagabeak izatea”.
Halaber, bai harritu diela Irungo Udalak izan duen eskuzabaltasuna Samylen enpresarekin. “Udalari deitu genionean ia-ia berari ez molestatzeko esan zigun”. Enpresa jolasean ari dela udalak plegu berriak atera behar dituelako diote, eta beraz, paso egitearen jarrera hori baimentzea leporatu diote udalari.
Hainbat galdera plazaratu dituzte ere, azkenik: “Irungo Udalean zergatik kondenatu miseriara? Zergatik Samyl bezalako enpresek nahi dutena egin dezakete?”.