Irun Beldur Barik gala eta sari banaketa, igande honetan
Irabazleen berri eman dute jada. Bestetik, gala diziplina anitzetako artisten esku egongo da. Bertaratzeko gonbidapenak lortu behar dira.

Irungo Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa eta amaiera ekitaldia egingo dute igande honetan Amaia KZn, 18:00etan. Indarkeria matxistaren errealitatea eta horien aurrean izan beharreko jarrera bideoen bidez lantzea sustatu nahi izan dutela adierazi du Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak.
Lehiaketaren saridunen berri eman dute ere:
- 1. kategoria: Hutsik geratu da. Lehiakide bakarra aurkeztu da eta Etxebestek esan du ideia ona zen arren, beldur barik jarrera edo arazoa konpontzeko proposamen falta zuela ikus-entzunezkoak. “Konpontzeko elkartzen direla ikusten da baina ez nola konpondu luketen”.
- 2. kategoria: LGTBIQ+aren kontrako jazarpenik ez! Sayuri Moran Varelak aurkeztua. Sari honen baitan aipamen berezia egin diote Eguzkitza BHIk egindako “betaurreko moreak” izeneko lanari iruditu zaielako oso originala izan dela eta oso landutakoa zinegotziak zehaztu duenez.
- 3. kategoria: Heldu da garaia! Angel Gonzalezek, Paula Zamarreñok eta Leire Hernandezek aurkeztua. Bideo musikatu bat egin du hirukoteak eta indarkeria matxistaren aurrean zein jarrera eduki proposatzen dute.
Oholtzan era guzietako ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. Ostomila txotxongilo elkarteak performance formatuan helduentzako ikuskizun bat prestatu du. Txotxongiloak ahozko transmisioa dira eta horren arduradunak historikoki emakumeak izan direla azaldu zuen taldeko kide den Ruben Mejutok.
Analya Bellidance dantza akademiakoak taularatuko dira ere. “Guk ikusarazi nahi dugu indarkeria psikologikoa” adierazi du dantzarietako batek. Dantza arte terapeutikoa dela uste dute eta indarkeria ikusarazteaz gain erakutsi nahi izan dute tratu txarretatik irten daitekeela eta ahalduntzean jarri dituzte indarrak.
My Dance Studioko dantzariek ere tartea izango dute. Maialen Garcia estudioaren arduradunak azaldu zuen dantzaren bidez emakumearen askatasuna irudikatuko dutela. “23 dantzari igoko dira oholtzara, adin ezberdinetakoak indarkeria matxistaren aurrean tolerantziarik ez adierazteko”.
Fasus4 musika taldeak ezin izan zuen aurkezpenean egon baina igandean Amaia KZn egongo dira.
Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da udalaren sarreren plataformatik edota turismo bulegoan.