Adinekoentzako baliabide eta zerbitzuen gida eguneratu dute
Itxura berritu dute eta letra handiarekin inprimatu. 3.800 ale aterako dituzte eta hiriko hainbat eraikin publikotan eskuratu ahalko da.
Hiriko baliabide eta zerbitzuak biltzen dituen gida eguneratu du udalak, adinekoei zuzendutakoa. Horren aurkezpena egin du gaur udaletxean David Nuñok, Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Itxura berritu dute eta erakargarriagoa egin, eta horrez gain, azken urteetan martxan jarri dituzten beste baliabide batzuk gehitu dituzte. Nuñok adierazi du adinekoei bizitza erraztu nahi dietela horrelako egitasmoen bidez.
Gida gaztelaniaz eta euskaraz landu dute, hizkera soila eta letra tipo handiarekin, irakurmena errazte aldera. Gainera, plano bat txertatu dute eta horren gainean zehaztu dituzten non dauden baliabide publikoak eta zein den horien ordutegia. Baita ere harremanetarako telefono, helbide eta posta elektronikoa.
Dokumentua 3.800 aldiz inprimatuko dute eta adinekoentzako espazio sozialetan, eri etxeetan, HAZ-en edota Gizarte Ongizateko arloan eskuratu ahalko dira.
Honako zerbitzu eta baliabideak dira jasotakoak:
- Adinekoentzako espazio sozialak.
- Adinekoen elkarteak.
- Tipi-Tapa programa, isolamendua prebenitzeko programa.
- Etxez etxeko laguntza programa.
- Farmazia-programa.
- Telelaguntza.
- Mendekotasuna duten pertsonentzako eta beren kasa moldatzen direnentzako bizitegiak.
- Prestazio ekonomikoak: laguntza bereziak, mendekotasun-legearen prestazioak.