Bidasoa Irunek badu bigarrena Europan
Garaipen garrantzitsua lortu zuen bart Bidasoak Motor Zaporozhye talde ukrainarraren kontra (26-22), eta bizirik jarraitzen dute Europan.
Garaipen garrantzitsua lortu zuen bart Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Multzoen Faseko hirugarren jardunaldian. Jacobo Cuetararen mutilek 26-22 irabazi zuten Motor Zaporozhye talde ukrainarraren aurka, eta puntuak Artalekun geratu ziren. Garaipenarekin, bidasoarrak D multzoko hirugarren postuan dira, bi garaipen eta porrot batekin. Atzoko neurketa irabaztea gakoa zen Bidasoarentzat multzoen fasea pasatzeko, eta ez zuten huts egin, bizirik dira Europan.
Lehen zatia ongi hasi bazuten ere, minutuak pasa ahala, kosta egin zitzaion Bidasoari sentsazio onak aurkitzea, eta markagailuan atzetik iritsi ziren atsedenaldira (9-12). Aurkako markagailua iraultzeko asmoz kantxaratu ziren bidasoarrak, eta bigarren zatiko laugarren minuturako Bidasoak partida berdindu zuen Asier Nietoren gol bati esker. Ordu laurdenerako Bidasoak lau goleko abantaila zuen markagailuan, eta alde hori mantendu zuten neurketa bukatu zen arte. Azkenean, puntuak etxean geratu ziren (26-22), eta Bidasoak Europako bigarren garaipena eskuratu zuen Artalekun.
Egutegiak, baina, ez du etenik Bidasoarentzat, eta larunbatean izango dute Asobal Ligako hurrengo erronka. Cuencan jokatuko dute Rebi Cuencaren kontra, 16:00etan (LaLigaSports TV). Bestalde, EHF European Leagueko datorren partida asteartean izango da, eta Bidasoak Danimarkan jokatuko du Skanderborg-Aarhusen aurka. Danimarkarrak sailkapeneko bigarren postuan dira, eta jokatutako hiru norgehiagokak irabazi dituzte.