Nicolas Guerendiainen liburua aurkeztuko dute ostiralean
'Nicolas Guerendiain' Irungo Errepublikarrak Elkarteak antolatuta, 'El coraje sin recompensa - Nicolas Guerendiain (1900-1937)' liburua aurkeztuko dute ostiralean Oiasso Museoan.
Ostiralean, hilak 25, 19:00etan, Oiasso Erromatar Museoan, ‘El coraje sin recompensa – Nicolas Guerendiain (1900-1937)’ liburua aurkeztuko dute. Liburua Jose Ramon Cruz Mundet Guerendiainen iloba txikiak idatzi eta ‘Nicolas Guerendiain’ Irungo Errepublikarrak Elkarteak argitaratu du. Saioa You Tube-ko kanalaren bidez ere ikusi ahal izango da zuzenean.
Aurkezpenean Mertxe Tranche, Marijo Nogues Irungo Errepublikarrak Elkarteko kidea eta Jose Ramon Cruz Mundet liburuaren egilea egongo dira. Idazleak, baina, ezingo du Irunen egon, eta You Tube-tik ariko da zuzenean.
Nicolas Guerendiain Irunen errotutako familia batean jaio zen. Bere aita Irungo lehen alkate errepublikanoa izan zen, baita aldundiko presidenteorde ere, XIX. mendearen bukaeran. Bizitza laburra izan zuen, 37 urterekin hil baitzuten. Futbolean eta esku pilotan aritu zen, Zuzenbideko ikasketak egin zituen, ongintzako ekitaldietan hartu zuen parte, eta, aitaren bidetik, Errepublikaren kausa defendatu zuen.
Guerendiainek parte hartze aktiboa izan zuen Irungo defentsan, eta hiria frankisten esku erori ondoren, gerrako korrespontsala izan zen PCEren Euzkadi Roja egunkarian. 1937ko martxo eta irail artean lotu zitzaion berriz borrokari, Rosa Luxemburgo batailoian, Manuel Cristobal Errandonea irundarraren aginduetara. Guerendiain Santanderren harrapatu zuten, eta Irunera eraman zuten herriko falangista eta errekete batzuek. Hamaika krudelkeria jasan ondoren, Berako harrobietan fusilatu zuten.