Legia kalea oinezkoentzako bihurtu dute
Irungo erdialdea emisio baxuko eremu bilakatzeko prozesuaren barruan sartzen da, eta ia milioi erdiko aurrekontua du.
Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta Borja Olazabal Mugikortasun eta Garapen Jasangarriko ordezkariak Legia kalean egiten ari diren lanak bisitatu dituzte gaur goizean. Uztailean hasi zen San Juan eremu osoko proiektua, Irungo erdialdea emisio baxuko eremu bilakatzeko prozesuaren barruan, eta lehen etapa burutu du orain. Legia kale berritua hiriko emisio baxuko eremua osatzen duen proiektuaren parte da.
Proiektu horren xedea San Juaneko eremu osoa berrantolatzea da, zona guztia maila berean jarrita, koskak eta goraguneak kenduz, eta oinezkoentzako eremuen eta oinezkoek lehentasuna duten guneen ikuspegia indartuko duten zoladurak erabiliz. Plazan egoteko eremuak sortuko dira, zuhaitzez edo berdegunez hornituak, San Juan plazan dagoeneko badauden eremuei segida emateko. Aparkalekuak kenduko dira, baina egoiliarrek aparkatzeko lekuak sortuko dira inguruko kaleetan.
Legia kaleko obrekin lehen fasea gainditu dutela zehaztu du Cristina Labordak, eta “ia-ia” bukaerako emaitza ikus daitekeela esan du. Orain, Foru kalean ari direla eutsi du Obretako ordezkariak, eta euren asmoa urte berriarekin batera Berrotaranen hastea dela aurreratu du.
Jarduketa horiekin, oinezko mugikortasuna eta espazio lagunkoiak indartuko direla adierazi du Irungo Udalak, emisio baxuko eremuak sortzeko helburuei jarraituz. Udalak nabarmendu du eremu horiek “nahitaezkoak” izango direla 50.000 biztanletik gorako hiri guztientzat 2023tik aurrera, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legeak zehaztutakoaren arabera.
Borja Olazabalek nabarmendu du lan horiei esker Irunek oinezkoentzako kale berri bat duela, “horrek inguru osoari dakarzkion abantailekin”: “Bizitza publikoak gozatzeko espazio gehiago, irisgarritasun hobea, baita joan-etorrietarako mugikortasun hobea ere, aldi berean atseginagoa eta jasangarriagoa den hiri baten aldeko gure konpromisoaren barruan”.
Proiektua Otegui-Gaztañaga enpresari esleitu zaio, 1.489.378,56 euroko aurrekontuarekin, eta hamabi hilabeteko exekuzio epea dute. Lanak ‘Emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiriko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzeko udalerrientzako laguntza programaren’ esparruan garatu da. Europar Batasuneko finantzaketa jaso du, NextGenerationEU funtsen bidez, 600.000 euro inguruko zenbatekoarekin.