Bidasoa Irunek gaur berrekingo dio European Leagueari
Multzoen Faseko hirugarren partida jokatuko dute gaur Artalekun Motor Zaporozhye talde ukrainarraren aurka, 20:45ean.
Bidasoa Irunek gaur berrekingo dio Artalekun EHF European Leagueko Multzoen Faseari, 20:45ean. Hirugarren jardunaldiko aurkaria Alemaniako Dusseldorf hirian jokatzen duen Motor Zaporozhye talde ukrainarra da. Jacobo Cuetararen mutilak garaipen eta porrot banarekin dira sailkapenean, eta ukrainarrak, berriz, bi porrotekin azken postuan dira. Bidasoarrak Asobal Ligako azken bi neurketak galduta iristen dira gaurko lehiara, eta bolada iraultzeko gogoz egongo dira.
Cuetara prestatzaileak aitortu du gaurko partida “oso garrantzitsua” izango dela multzoen faseko hamar partidak baino gehiago jokatzeko; hortaz, “oso motibatuak” daudela onartu du: “Lehen lauren artean egoteko oso partida garrantzitsua da. Ahalik eta gehien borrokatuko dugu Europan ahalik eta urrunen iristen saiatzeko”.
Aurkariaren inguruan, “indar handiko” taldea direla aurreratu du Cuetarak, “altuera handikoa eta oso sendoa”. Horren aurrean, prestatzailea ziur da nola eraso diezaieketen ikusi bera dutela, defentsan arazoak sortuz; bestela, golak sartzeko arazoak izan ditzaketela uste du. Cuetara jakinaren gainean da “aurreko urteetako Motorraren maila jaitsi” dela, baina oraindik ere nazioarteko jokalari asko dituztela, eta Europa izanik, “aurkari guztiak zailak” direla gaineratu du bidasoarren prestatzaileak.
Hori dela eta, “dinamismoz” jokatu beharko dutela eutsi du Cuetarak, “arazo teknikoak sortzen saiatuz”: “Ekintza zuzenetara joaten bagara, arazoak izan ditzakegu, abantaila baitute beren fisikoarekin”.
Gaurko erronka Europako Astearte Magiko egitasmoan kokatzen da. Iniziatibara atxikitako inguruko tabernetako jarduerez gain, elkartasunezko jarduerak egingo dira Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin eta Irungo ia 70 saltokirekin batera: bost kilo janari edo gehiago ematen dituenak partidarako sarrera bat trukatu ahal izango du.