Asteburu gazi-gozoa Zaisa Txingudirentzat
Gazia, 16 urtez azpiko neska-mutilentzat; gozoa, ordea, 18 urtez azpiko mutilentzat. Bien bitartean, 14 urtez azpikoek Gipuzkoako Txapelketa prestatzen jarraitzen dute.
Iragan asteburuan klubeko gazteak izan ziren berdegunera irten ziren bakarrak, eta emaitzen balorazioa gazi-gozoa izan da. Gazia, 16 urtez azpiko neska-mutilek euren partida galdu zutelako; eta, gozoa, 18 urtez azpiko mutilek garaipena lortu zutelako.
16 urtez azpiko neska-mutilak ez ziren fin ibili Gasteizen. Etxekoak indartsu hasi ziren, eta lehen minutuan aurrea hartu zuten markagailuan entsegu eraldatu baten bidez. Txingudik, baina, azkar erreakzionatu zuen, 11. minutuan Julen Etxeberriaren entseguak eta Ewan Littlen eraldaketak neurketa berdindu baitzuten. Pozak gutxi iraun zien bidasoarrei, 14. minutuan gasteiztarrek berriro hartu baitzuten aurre markagailuan beste entsegu batekin; baina Txingudiko Ander Arrietak ezerezean utzi zuen etxekoen abantaila, 19. minutuan marka bat lortu baitzuen. Momentu horretan, hamabina islatzen zuen markagailuak, eta atsedenaldira berdinduak iritsiko zirela zirudienean, gasteiztarrek euren hirugarren entsegua lortu zuten, lehenengo zatia bost puntuko abantailarekin bukatuz (17-12).
Bigarren zatia, ordea, ez zen lehena bezain berdintsua eta lehiatua izan, eta etxekoek hiru entsegu eta bi eraldaketaren bidez, 34-12koa ezarri zuten markagailuan. Porrotarekin, Txingudik ligako lehen itzulia azken postuan bukatu du, bost porrot eta bi bonusekin, baina erakutsitako jokoan garapen nabarmena erakutsiz.
18 urtez azpikoen partida bestelakoa izan zen guztiz lokaztuta zegoen Iruña Rugby taldearen zelaian. Lehenengo zatia oso berdintsua izan zen, eta 30. minutuan estreinatu zuen markagailua Uribealdea-Txingudik. Lehen zatiko azken minutuetan, baina, nafarrek berdinketa lortu zuten, eta bosnako markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Zelaiaren egoera eta Uribealdea-Txingudiren jokoaren intentsitateak erabakigarriak izan ziren bigarren zatian, lau entsegu eraldatu lortuz eta iruindarrek lortutako bigarren entsegua indargabetuz. Azkenik, bidasoarrek nagusitasunez lortu zuten garaipena (12-33), eta bigarren sailkatua den Gernika-Arratikotik hiru puntura kokatu dira.
Azkenik, 14 urtez azpiko taldeak Gipuzkoako Txapelketa prestatzeko lagunartekoak jokatu zituen Zarautzeko Asti zelaian Zarautzen eta Bera Beraren aurka.
Seniorrak bueltan
Zaisa Txingudiko senior mutilak bueltan dira, eta igandean berrekingo diote Euskadiko Ohorezko B Mailako ligari. Bidasoarrek igandean jokatuko dute Lasarteko Michelin zelaian, 10:00etan hasiko den partidan. Iñigo Camarero eta Alejandro Latasaren mutilak berdegunera aterako dira hirugarren garaipena jarraian lortzeko helburuarekin.
Larunbatean, 13:00etik aurrera, Donostiako Kote Olaizola estadioan, Txingudi-Baztanen 14 urtez azpiko taldeak Gipuzkoako Txapelketa prestatzen jarraituko du. Asteburuko lagunartekoak Bera Bera, Hernani-Atletico San Sebastian eta La Unica taldeen aurka jokatuko dituzte.