[Argazkiak eta bideoa] Urrezko intsignia, urrezko ibilbideari
Hunkituta eta etxekoen, lagunen zein herritarren babesean jaso du Unai Emery Etxegoienek urrezko intsignia.
Gaur eguerdian jaso du Unai Emery Etxegoien hondarribiarrak urrezko intsignia. Ekitaldi berezi bezain hunkigarria izan da. Lehendabizi Hondarribiko Futbol Eskolako gaztetxoek baloi bana eskuan harrera egin diote eta udaletxeko atarian udaleko ordezkariak agurtu ditu. Ondoren, Agurra dantzatu diote. Ekitaldiarekin jarraitzeko udaletxeko areto bagusira igo dira bertaratutako denak.
Goi mailako kirol merezimendua aitortzeaz gain, Hondarribiarekin duen loturagatik ere goraipatu du Txomin Sagarzazu alkateak, eta Joseba Sarrionandiaren olerkia eskaini dio Emeryri:
Alkatearen sarreraren ondoren, Igor Emeryren -anaiaren- txanda izan da. Bertaratutako guztien begiek nekez gorde dituzte malkoak, Igorren hitzek transmititu duten emozioagatik. Beno, Igorren hitzak baino Unairen semearen -Lander Emeryren- gutunak. Semeak ezin izan du ekitaldira bertaratu, baina haren gutunarekin gertu sentitu duten denek.
Azkenik, alkateak urrezko intsignia ezarri dio Emeryri, “ibilbide profesionalean nahiz hedabideetan etengabe adierazten dituen giza-balio aberatsak eta, horien artean bereziki Hondarribiarekiko duen atxikimendu estua eta ondorioz hiriaren kanpo proiekziorako duen eragin positiboarengatik”.
Intsignia jaso ondoren, ekitaldiko momenturik goxoena. Unai Emeryren esker hitzek eta etxekoekin zein lagunekin bizitako oroitzapenek argi adierazi dute intsignia honek Unairentzat duen balioa: “Oso pozik nago errekonozimendu honekin, nire futbol ibilbidearekin eta familiak eta lagunak hemen daudelako”.
Jaioterria, halaber, berezia da Unairentzat: “Hondarribira etortzean itsasoa ikusi, Portura joan, Alde Zaharra ikusi… eta hor sentitzen naiz bakean. Hor sentitzen naiz benetan Unai”. Gainera, herrira itzultzen den bakoitzean familiarekin zein lagunekin bazkari bat antolatzen du entrenatzaileak, eta horiek kantatzen amaitzen dituztela aitortu du. Musika haren bizitzan, beraz, oso zati garrantzitsua da. Horregatik, momentu txarretan ere, partida gogor baten ondoren esaterako, hegazkinean Euskal kantak jartzen dituela esan du. Hala bada, Koldo Emeryk gitarra atera eta bertaratutako denek batera Txoriak txori abestu dute.
Hona hemen ekitaldiko zenbait argazki: