Aurrekontuen zirriborroarekin pozik da Elkarrekin Podemos-IU
Koalizioa asebeteta agertu da gobernu programan ezarritako helburuak aurrera ateratzeko "ahaleginak bikoiztu" ondoren.
Elkarrekin Podemos-IU “pozik” agertu da Irungo Udaleko koalizio-gobernuak aurkeztu berri duen aurrekontu zirriborroarekin. Aurtengo aurrekontuen zirriborroak iazkoak baino %9,3 gehiago izango du: orotara 95.654.336,47 euro. Zentzu horretan, aurten lortutako akordioak, Elkarrekin Podemos-IUk gobernu-kide gisa duen posizioa “indartzen” duela ziurtatu dute. Koalizioa asebeteta agertu da gobernu programan ezarritako helburuak aurrera ateratzeko “ahaleginak bikoiztu” ondoren. Haien arloetan aurrekontua hedatzea lortu baitute, hala nola, Gizarte Ongizatean, Berdintasunean, eta Hezkuntza eta Gazterian.
Asteazkenean Ogasun Batzordean aurkeztu zuten proiektua eta datorren osoko bilkurara eramango dute bertan udal taldeen zuzenketak eztabaidatzeko eta ondoren, bozkatzeko.