[Elkarrizketa] «Euskara, euskaldunok gure humanitateari egin diezaiokegun ekarpen handiena dela uste dut»
Bertako kultura babesteko eta bultzatzeko ezinbesteko zutabe dira liburutegiak, eta Hondarribiko Zuloaga Etxea eredu da horretan. Bertako lantaldearentzat egunero da Euskaraldia.
Gaur hasiko da Euskaraldia, euskararen erabilera sustatzeko. Liburutegian beti aritzen zarete horretan, ezta?
Guretzat Euskaraldia egunero da. Euskara sustatzea gure helburuen artean dago, baina ez nik esaten dudalako edo udalak esaten duelako, liburutegien dekalogoan horrela jasota dagoelako baizik. Unescok mundu mailan liburutegien helburuak zein diren ezartzen du, eta hamar horien artean dago tokiko kulturak babestea eta bultzatzea. Euskara, beraz, horren barne dago. Gure humanitateari egin diezaiokegun ekarpen handiena dela uste dut, eta hori babestu eta bultzatu behar dugu. Gure eguneroko harremanetan, bazkideekin, erabiltzaileekin eta baita eskaintzen ditugun jardueretan, euskarak beti dauka lehentasuna.
Nola bultzatzen duzue euskara?
Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuan osatzen dute liburutegien politika. Horren arabera liburutegiek erosten dituzten liburuen %25ak euskaraz izan behar dute. Guk, ordea, hori baino gehiago erosten dugu. Hori alde batetik. Bestetik, programazioan, oreka mantentzen saiatzen gara. Beno, orekaren alde baino, gehiago euskararen alde egiten dugu; ipuin kontalariekin, literatur tailerrekin, edo idazketa tailerrekin esaterako. Txanogorritxo kanpainaren barruko ekitaldietan ere euskarak presentzia handia dauka. Hortaz gain, eguneroko harremanak euskaraz eraikitzen saiatzen gara. Harreran lehenengo hitza beti euskaraz egiten dugu. Dena den, jende askok gaztelaniaz erantzuten du, nahiz eta euskaraz jakin badakien. Gazteak adibidez, oso ohituak daude bi hizkuntzak nahastera. Niretzat errespetu falta bat da hori, ez pertsonarekiko, baizik eta hizkuntzarekiko. Eta era horretan hizkuntzaren aberastasuna galtzen joaten da.
Zer nolako harrera dute euskaraz antolatzen dituzuen ekitaldiek?
Haurrentzako eskaintzan ez dago arazorik, txikiak direnean berdin zaie zein hizkuntzatan aritu. Horregatik, adin horietako jarduerak euskaraz antolatzen ditugu, eta oso harrera ona izate dute haien artean. Helduentzat antolatzen ditugunean, ordea, zailagoa izaten da. Askotan badakigu emaitza kaxkarra izango dela, baina bi aukera ditugu: ez antolatu, edo horiek gaztelaniaz egin. Gure helburuei jarraituz jendea ekintzetara eta euskaraz irakurtzera animatzen jarraituko dugu. Gure lanaren zatitxo bat da hori, eta euskaldunok dugun altxor handiena munduari eskaintzen jarraituko dugu.
Maileguei dagokienez, zein da egungo egoera?
Urtean 22.000 liburu mailegatzen dira, eta horietatik 4.000 dira euskaraz. Hau da, ez da %20ra iristen. Gainera, kontuan izan behar da, nahiz eta estatistikan ez den bereizten, mailegatzen diren euskarazko liburuen %80 inguru haurrentzako ipuinak direla.
Azken urteetan, baina, euskaraz irakurtzeko eskaintza handiagoa da, ezta?
Bai, euskaraz eskaintza franko dago, gertatzen dena da gaztelaniazkoa sekulakoa dela. Lehen, euskal literaturara mugatzen ginen, gaur egun, ordea, itzulpen asko egiten dira eta oso onak gainera. Literaturan asko aurreratu da, bai eta bestelako argitalpenetan ere, baina erabiltzaileei dagokionez… Euskal literaturak diru laguntza asko jasotzen ditu, bestela ezinezkoa izango litzateke.
Zer egin beharko litzateke euskarazko euskarriak gehiago sustatzeko?
Esango nuke irakurketa, orokorrean, behera doala. Eta nire ustez, etxeetan zein eskoletan sustatu beharko litzateke. Azken horietan, bereziki, irakurketa ez dago ondo zaindua. Eskoletan liburutegiak kaskarrak dira eta ez dago irakurketa bultzatzeko programarik. Irakasleak ere ez dira oso irakurle finak, edo nahiago izaten dute gaztelaniara jo. Hein batean ohitura faltagatik dela uste dut. Egia da, gero eta euskaldun gehiago dagoela, eta hezkuntzari eskertu behar diogula hori, baina horrek ez du gizartean eta egunerokotasunean isladarik, eta pena da. Dena dela, historian zehar fluxuak egon dira, eta orain behera goazela dirudien arren, agian hemendik urte batzuetara egoerari buelta ematea lortuko dugu. Optimista izan naiz beti.
Euskararen erabilera murrizten doan heinean euskarazko liburuak gutxiago kontsumitzen dira?
Euskara kalean galdu dela uste dut. Egun, oso arraroa da Hondarribian euskara entzutea, baina irakurketaren alorrean esango nuke ez dela hainbeste sumatzen. Euskal irakurleen kopurua txikia izan da beti. Aldaketa gutxi izan da. Irakurleen kopurua ez da igotzen, baina jaitsi ere ez. Hala ere, pandemiaren ondoren maileguen kopurua jaitsi egin dela ohartu gara, bai euskarazkoetan eta baita gaztelaniazkoetan ere. Konpetentzia asko azaldu da, pelikulak, serieak, plataformak… Eragin handia izan dute, eta irakurketak denbora eskatzen du.