%9ko igoera izango du hurrengo urteko udal aurrekontuak
Gizarte politiken aurrekontuan %7,5ko igoera proposatu dute. Era berean, Gazteleku berri bat eta beste haurtxoko bat sortu nahi dituzte.
Udal gobernuak 2023ko aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur. Hazi egin da zenbatekoa %9,3 eta guztira 95.654.336,47 eurokoa da aurrekontua. Orain, udal taldeek zuzenketak aurkeztu ahal dituzte.
Helburu nagusia hiria biziberritzen jarraitzea dela azaldu du Miguel Angel Paez alkateordeak. Bere esanetan udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da eta funtsezkoa dela haien rola nabarmendu du.
Udalak aurkeztutako proiektuaren guztizko zenbatekoa 90.295.000 eurokoa da, iaz baino 7,7 milioi euro gehiago, baina sozietate publikoak barnean biltzen dituen aurrekontu bateratuarekin 95.654.336,47 eurora igotzen da.
Diru kopuruaren igoera bi inbertsiotatik datorrela zehaztu du Paezek. Alde batetik, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren igoera bat aurreikusi dute; bestetik, Europako funtsak jasoko dituzte. Azken laguntza hau emisio baxuko eremua garatzeko, termak birgaitzeko edota lau autobus elektriko erosteko erabiliko dituzte.
Udal gobernuaren puntu nabarmenenak zerbitzu publikoak indartzea, gastu soziala handitzea eta inbertsio bloke garrantzitsu bat sartzea direla diote. Era horretan, ekipamendu berri batzuk martxan jarriko dituzte: Gazteleku berria eta beste haurtxoko bat.
Gainera, gizarte politikak indartu nahi dituzte zerbitzu sozioedukatibo eta psikosozialak emateko kontratuak hobetu. Baita ere egoera ahulean dauden pertsonei ematen zaien arreta. Horretarako, %7,5 igoko dute gizarte politiketako aurrekontua.
Inbertsioak
Aurreko ekitaldietan hasi ziren inbertsioei jarraipena emango diete eta atal horretako aurrekontua 10,2 milioi eurokoa da 2023rako, eta horrez gain, 28 milioi euro konprometitzen dira datozen urteetarako. Proiektu hauek dira inbertsio nagusienak eramango dituztenak:
- Belartzako aparkalekua, 7 milioi euro.
- CBA bigarren fasea, 3,9 milioi euro.
- Termen birgaitzea, 2,9 milioi euro.
- L2 linearako lau autobus elektriko erostea, 2,4 milioi euro.
- Anakako etxeen berrurbanizazioaren lehen faserako, 2 milioi euro.
- Ikust Alaiaren bigarren faserako, 2 milioi euro.
- Poxpologile kalearen berrurbanizazioa, 1,8 milioi euro.
- Legia, Foru eta Berrotaran kaleko obretara, 1,5 milioi euro.
- Geltoki intermodala eta Pio XII auzoa elkartezeko pasarelarako, 3,6 milioi euro, ADIF enpresarentzat.
- Alarde eta Lastaola postetxea kaleetako etxebizitza publikorako, 1,1 milioi euro Irunvirentzat.
Beste inbertsio handi batzuk ere egingo dituzte, hala nola, aurrekontu parte hartzaileetarako edo ikastetxeetan hobekuntzak egiteko.