‘Erremixa’, Irungo kulturgileak omentzeko lanabesa
Soinulaborren beste edizio bat aurkeztu zuten Oiasso Museoan joan den astean Mikel Unzurrunzaga eta Martin Etxaurik. Irungo historiako kulturgile batzuen 'erremixa' proposatzen dute.
Soinulabor proiektuak lankidetza sustatzen du musikari eta hiriko eragileen ar- tean. Elkarrizketa bat litzatekeena. Izan ere, egitura ireki baten bidez proiektu bat garatzea proposatzen du Irungo Udalak, soinu edota musikatik abiatuta, edo ardatz izanda. Emaitzetan, aukera asko daude: tailer bat, kontzertu bat, entzuteko pieza bat, edota aurtengo kasuan bezala, erakusketa bat. Joan den astean aurkeztu zuten eta Irun kultur remix izena du. Mikel Unzurrunzaga Dj Makala zarauztarrak, eta Martin Etxauri VJ Txo!? iruindarrak Oiasso Erromatar Museoan kokatu dute obra, eta igandera arte dago bertan ikusgai. Museoaren ohiko ordutegian zabaltzen ari dira.
Aretora iristen denak sei postu topatuko ditu, egun zenduta dauden Irungo zazpi kultur eragile protagonista dituztenak: Iñigo Muguruza, Menchu Gal, Jose Mari Zabalza, Luis Mariano, Maria Juncal Labandibar, eta txoko berean, Jorge Oteiza eta Itziar Carreño. «Zerbait ezberdina da, garaikidea. Paradoxikoki Oiasso Erromatar Museoan dago, eta horrek badauka bere bitxikeria».
Artista bakoitzerako musika eta bideo erremix bana sortu dituzte. Horretarako, Makalak, Ez Mugak kultur elkarteko Karlos Sanchezekin batera, artista bakoitzaren lana, ibilbide artistikoa eta izaera ikertu ditu, bakoitzaren testuinguruan kokatzeko eta nondik nora jo erabakitzeko. Esan beharra baitago Makalari egin ziotela edizio honen eskakizuna.
Orduan, ideien bila zebilela oroitu zen, Iñigo Muguruzak, Sagarroi taldean zebilenean, Toulousse diskoko Oinez kantuaren erremix bat egiteko eskaria egin ziola. Ohorea izan zela hots horretatik ateratako proposamena du gogoan zarauztarrak, eta baiezkoa eman ziola. «Kasualitatez nire bizitzako lehen erremix publikatua izan zen». Hortxe topatu zuen abiapuntua.
Txo geroago hasi zen lanean. Behin Makalak erremixa-k bukatuta edota bukatzear zituela ekin zien bideoei. Soinu horietan oinarrituta eta pertsonai bakoitzaren izaera aintzat hartuta sortu ditu, bakoitzak iradokitzen zion estetika erabiliz. «Estetika orokorra, bai musikan eta bai bideoan, oso desberdinak dira. Artistak eskatutakoari kasu egin diot». Irudien bitartez informazio osagarri bat egon daitekeela uste du Txok.
Omenduak
Postu bakoitzeko xehetasun batzuk aurreratu dituzte. Esaterako, Labandibar poetaren bueltako soinu eraikuntza egiteko, idazlearen Quietud y silecio poema hartu, eta Lanbroa taldearekin erremixa sortu dute. Txok aipatu du Labandibarren argazki bakarra dagoela, eta bideoan Faisaien Irla edota Jaizkibel mendia elementu gisa erabili dituela.
Menchu Gali dagokionez, joko bat proposatu du Txok, irundarraren erretratu eta margolanekin. Espresionismo fauvistaren ordezkari nagusi bat zela irakurri zion Makalak Edorta Korta arte kritikariari, eta horrek laguntza eman zion doinua sortzeko; Luis Marianok batez ere gaztelaniaz abesten zuen, eta euskarazko grabazio baten bila jarri zen DJa. Haurtxo polita lo kanta topatu zuen, eta «lo kanta elektroniko» gisa definitu du.
Zabalza zinegilea omentzeko, berriz, La furia del hombre lobo filmeko musika intzidentala berrerabili eta kantu berri bat sortu du. Oteiza eta Carreñoz hitz egiteko, Itziar, elegía y otros poemas Oteizak zendutako Carreñoren omenez idatzi zuen liburuaren irakurketa jaso du. Horrez gain, txalaparta sartu eta musika esperimentala nahastu ditu, eskultoreak musika hori maite baitzuen.
Gaur egunetik beste mendeko artistei egungo tresnekin omentzeko formula bat asmatu dutela dio Makalak. Erremixa litzateke lanabesa, eta beste herrietan ere erabili daitekeela defendatu du.