[Elkarrizketa] "Ikusarazi nahi dut migranteek izen-abizenak dituztela"
Irundik pasatako emakume migranteen argazki sorta ikusgai dago CBAn, ‘...eta bidean Irun. Begirada bat emakumezko migranteei’. Garaialde horri eta sareko jardunari buruz aritu da.
Fotokazetaria bazara, baita Irungo Harrera Sareko kide ere. Zer izan zen lehenago, sarera hurbiltzea ala kamera?
Kamera. Argazkilari bezala gerturatu nintzen, kuriositatez, hemen [San Juan plazan] agertzen hasi zirenean. Gu oporretatik bueltatu eta biharamunean migranteentzako gosari bat antolatu zuten, aurreko astean migrante talde handia azaldu zelako.
Harrera Sarera hurbildu banintzen, izan zen horrelakoetan parakaidista lanak egiten ditugulako —horretan autokritika egingo dut—: iritsi, argazki batzuk egin eta ospa. Batez ere, horrelako gai konplikatu batean, beraiek ez dizute uzten erraz argazkiak egiten; ez nuen nahi plazaren alde batean agertu, teleobjektiboa jarri eta alde egin.
Inbasiboa da.
Oso. Argi daukat nire lana oso inbasiboa eta biolentoa dela. Horrekin guztiarekin argi daukat pintzekin hartu behar ditudala gauza batzuk. Hasi nintzen hurbiltzen beraiekin denbora pasatzeko, baina argazkilari bezala. Gaur egun ere, sarearekin egiten dudan lanik handiena argazkilari bezala egiten dut, nahiz eta hondar alea jartzen dudan bestela ere.
Kamera etxean utzita?
Batzuetan bai, konturatzen naizelako laguntzen ari naizenean, kontzentratuta nagoela, eta kamera sorbaldan edukita ere, argazki gutxi botatzen ditudala.
Bat egitea zergatik erabaki zenuen? Hurbiltzearekin batera edo gaiarekiko sentiberatasuna duzulako?
Hurbiltzearekin batera, esango nuke. Migrazioaren gaia beti egin zait kuriosoa, eta etxean asko eztabaidatu dugu horri buruz. Definiziotik hasita: nor den migrante edo nor ez; migratzea herrialde pobretuetatik Lehenengo Mundua deitzen zaion horretara egitea bakarrik den; estatuen edo udalerrien artekoa den… Interesatzen zait migrazio mota hau, herrialde pobreagoetatik gurera egiten dutenena, eta pentsarazten dit ea zergatik jartzen dizkiegun hainbeste oztopo.
«Emakume migranteak biktima gisa bakarrik kokatzen ditugu»
Argazkiak ateratzen hasten zara, eta pixkanaka esku bat botatzen hasten, kamera momentu bat alde batera utzita. Orain, batez ere, Gautxorietan egiten dut nire ekarpena. Hor hasi nintzen argazkiekin, lan horretan bakarrik. Gero egunak antolatzen hasi ziren, eta baten batean falta zenez, hasi nintzen esaten «ez naiz argazkilari moduan joango, nire autoa jarriko dut», eta abar.
Migranteek kamerarekin ikusten zaituztenean, egoera horretan, beldurtu egiten al dira? Zein da beraien erreakzioa?
Egia da badutela kontrako jarrera bat fokuaren aurrean jartzearekin. Beti dute kezka ea irudi horiek norbaitek erabiliko dituen beraiek salatzeko, ea polizia edo gobernuek erabiliko dituzten…
Horregatik, ez dut begia kamerara eramaten beraiekin tartetxo bat egon arte, nire burua aurkeztu arte… Gainera, hemen beti galdetu egiten diet ea argazkiak atera ditzakedan. Badaude argazkiak bizkarrez edota urrutitik ateratakoak direla, baina beste giro bat emateko da.
Gai honekin argi daukat baimena behar dudala bere aurpegia ateratzeko. Jaso dut ezezkoren bat, eta errespetatu dut beraien erabakia. Beste batzuek uzten dizute, eta momentu batean iruditzen bazaie argazki gehiegi ateratzen ari zarela, gelditzeko eskatzen dizute.
Kontrako erreakzio hori gainditzen lagundu behar diezu. Argi daukat ni ez natorrela hona haiei putakeria bat egitea. Beste lan batzuetan ez dut baimenik eskatuko, baina jende zaurgarria denean, eta kamerak kalte egin diezaioketela uste badut, hori errespetatu egin behar dut, eta tentuz ibili behar naiz.
Beldurra eman al dizu poliziarentzako nolabaiteko amu izateak?
Muga beraiekin pasatu dudanean, nire paperak asko kezkatu nau, bai. Kazetari eta argazkilari bezala noa, baina ez daukat agentzia handi bat nire atzetik; freelance bat naiz. Badakit balizko epaiketa batean ezingo ninduketela zigortu, baina ni ari naiz gidatzen, beraiekin ari naiz muga pasatzen.
Badakigu Frantziako Polizia plaza honetara hurbiltzen dela; Espainiakoak ez die kasu handirik egiten. Klaro, gero ateratzen naiz prentsan esanez kazetari naizela, baina baita Harrera Sarekoa ere, eta hori lepora diezazukete. Batzuetan badaukat beldur hori, eta buelta eman izan dut. Mendiko bidea, adibidez, ez dut sekula bukaerara arte egin. Horrek ematen dit pena pixka bat. Kezka horrek ez dizu uzten irudi bat behar bezala ateratzen uzten.
Behin muga pasatzen dutenean, ba al daukazue harremanik haiekin?
Sareak badu harremana: batzuekin estua, beste batzuekin ez horrenbeste… Duela gutxi batek bidali zidan mezu bat, esanez Parisen zegoela, eta oso ongi. Duela gutxi Ulu Mediakoak han egon ziren, podcast bat lantzen, eta eskumuinak eman zizkieten. Facebook-en ere mantentzen duzu harreman pixka bat, baina pixkanaka disolbatzen joaten da.
Haien berri izateak ematen du poza, halakoak edo besteak familia aurkitu duela, horrek poza ematen du, azken finean jendea baitira.
Irungo paisaiaren parte diren horiek humanizatzea da zure erakusketaren helburua.
Pertsona horiek, migranteek, izen eta abizenak dituztela ikusaraztea da helburua, nahiz eta batzuek ez dizkizuten esaten. Talka egiten du lehen esan dugunarekin: argazkiak nola egin, aurpegia atera ala ez… Beraiek ez dute askotan aurpegirik ateratzea nahi, eta talde bezala ateratzen badituzu, urrutitik, horrek bidera dezake jende-multzo bezala ikusaraztea.
Oreka horretan ibili behar zara: nola lor dezakezun beraiek humanizatzea, baina, aldi berean, errespetu hori mantenduz, intrusismo edo biolentzia hori ekidinez. Oreka horretan ibiltzea asko gustatzen zait; ez hainbeste argazkiak ateratzeko orduan, baizik eta aukeratzekoan.
Adibidez, maskara derrigorrezkoa zen garaian, Ouaraba neska gazteari eskatu nion erretratu bat egiteko baimena. Maskararekin zegoen, eta berak eskatu zidan maskararik gabe ateratzea. «Nire irribarrea nahi diot jendeari erakutsi, nor naizen erakutsi nahi dut», esan zidan. Hori bai, goiz osoa pasatu nuen berarekin, eta konfiantza landua nuen.
Horrela ibiltzeak ematen dit aukera nire lanari buruz hausnartzeko, baita zehazki lan honen inguruan ere.
«Orekan ibili behar zara: nola lortu humanizatzea, baina aldi berean errespetua mantenduz»
Emakume migranteak dira gaia. Zergatik? Nola egin duzu 10+2 (liburutegi barruan eta igogailuaren plazako sarreran) argazkien aukeraketa?
Erakusketaren proposamena Iñaki Zeberio CBAren zuzendariaren eskutik etorri zen. Esan zidan migranteen argazkiekin erakusketa bat egin behar nuela. Ez zen bakarra izan, eta beti erantzuten nien «egingo dut, egingo dut…», baina ezer zehatzik eman gabe.
Iñakik [Zeberiok] animatu ninduen, urtero liburutegiak gai bat jorratzen baitu. Aurtengo gaia Igarotzeak dira, eta gai hori ardatz dutela hainbat hitzaldi, erakusketa eta abar antolatzen ari dira. Gainera, berak proposatu zuen emakumeen gaineko lana egitea. Azaroa indarkeria matxistaren aurkako hilabetea denez, aprobetxatu dugu egiteko.
Egokia iruditu zait hilabete hau aukeratzea. Lan honekin guztiarekin gauza asko ikasi ditut, eta horietako bat izan da nola irudikatzen ditugun emakumezko migranteak, zein sentsazio jasotzen dugun beraiengandik. Hau, batez ere, Anaitze Agirrerekin ikasi dut.
Diskurtso feministari esker, joaten zara onartzen gizarte matxista dagoela, eta emakumeenganako indarkeria dagoela. Ondorioz, emakumeek, gizonon aldean, zaurgarritasun estra bat daukate; ari gara barneratzen pixkanaka.
Baina gero konturatzen zara migranteak, eta batez emakume migranteak, biktima gisa kokatzen ditugula. Eta bakarrik hor. Badago diskurtso bat dioena senarrak bidaiatu duela lehenago, eta bide hori urratua dagoenean, atzetik datorrela emaztea. Edo beste bat izan daitekeela jaioterrian ordaintzen diotela bidaia guztia, eta bera pasantez pasante doala, ez duela ezer egiten. Zaurgarritasuna hor dago: emakumeen salerosketa dagoela, prostituzioa, bortxaketak… Hori guztia erreala da, ez dugu hori ukatuko, baina horretara mugatzen da.
Aurreiritzi bat sortzen dela, alegia.
Bai. Egia da arrisku hori badagoela, baina ez da beti egia bidaiatzen duten guztiak bere sorterritik ateratzen direla senarra Europan dagoelako, edo dena ordaindu diotelako, besteak beste. Hori jakinda, beste modu batera ikusten dituzu migrante horiek.
Subjektu migrantearen aitortza ematen da. Pertsona horiek migrante dira baita ere, gainontzekoak bezainbeste. Kasuistika guztiak daude: bakarrik datozen emakumeak, taldean, senarraren atzetik, senarrik gabe, senarrarekin batera… Noski gizonok ez ditugun zaurgarritasun egoerak dituztela, baina denetarik dago. Saiatu naiz erakusketarako kasu horiek guztiak hartzen.
«Beti galdetu egiten diet ea argazkia ateratzerik nahi duten»
Aipatutako oreka hori ere bilatu behar dut kasu horretan: erakusten dudan horrek zenbatean laguntzen duen diskurtso biktimista hori zabaltzen, edo zenbatean egiten dion aurre. Ez dira aurreiritziak sortu behar, baina argi edukita egoera zaurgarri horiek kontatu behar direla.
Hasierako argazkiak ez daude begirada horrekin eginda, baina azkenekoak bai, kontu edukita biktimizazio horretan ez erortzeko. Ez dut ezkutatuko zer dagoen, baina bilatu dut ekilibrio hori. Gutxiesten ditugu senarren atzetik joaten direlako, baina errealitatea da familia hartu eta Europan elkartzeaz arduratzen direnak beraiek direla.
Hemendik, hala ere, emakume gutxiago pasatzen dira gizonak baino, eta aukeraketa askoz murritzagoa neukan.
Lau urte dira Irungo Harrera Sarea sortu zenetik. Asko aldatu al da herria?
Jende asko jabetu da arazo handia dagoela, eta ez bakarrik Irunen. Pateretako irudiak ikusten dituzunean, pena ematen dizute, bai, baina han gelditzen dira. Irunen gertatzeak lagundu du gaia Euskal Herriko jende askori gerturatzen. Euskal Herrian ez gaude sarrerako mugetan, eta migrazioaren gaia ez dugu hain hurbiletik bizi. Orain batzuk kontzienteago dira, beste batzuei migrazioaren kontra egoteko jarrera indartuko zien…
Gauzak aldatu dira, eta oraindik aldatzeke daude, baina badakigu plaza inguruko merkatari eta ostalariek laguntza izugarria eman dutela.
Hilaren 25ean (19:00etan, CBAn) hitzaldia emango dute Anaitze Agirre EHUko irakasleak eta Beatriz de Lucas ZEHAR Errefuxiatuekin-eko kideak.
Anaitze Agirre aspalditik ezagutzen dut, Irungo Harrera Sarekoa da. SOS Arrazakerian urteak darama lanean, eta tesia emakume migranteei buruzkoa egin du. Beraiei buruzko diskurtso oso indartsua dauka.
Hasierako garaietan, sarean esaten genuenean «emakume gaixoa», berak galga jartzen zuen segituan. Ez dugu sekula ukatuko biktima ere izan daitezkeela maila oso altu batean, baina gure begirada eta arreta beste gauza batean jarri nahi genuela ikusarazi zigun.