[Erreportajea] Euskararen arnasgune izan nahi du Larreaundik
Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak bat egin du Euskaraldiarekin, eta euskararen erabilera auzoko dendetan sustatzeko zozketa antolatu du. Gainera, Euskararen Egunerako egitaraua osatu dute.
Larreaundi-Olaberria auzo elkartea bizi-bizirik dago. Horren adibide dira urrian egindako Kirol Eguna edota sortu berri duten Liburu baby kluba. Askotariko interesak dituen jendea elkartu da auzoa bizirik mantentzeko asmoarekin. Kezka horien artean, euskaraz auzoan bizi ahal izatearena dago.
Horretarako, euskalduntzea izan dute hizpide, eta euskara ikasteko ikastaroa martxan jartzen saiatu dira AEKrekin; ordutegi eta izena eman dutenen maila ezberdinak medio, ezin izan da taldea sortu. Berriro saiatzeko interesa eta asmoa adierazi dute.
Horrez gain, Euskaraldiari eta Euskararen egunari begira ere jarri dira, eta jarduera ugari zein abenduaren 3rako egitaraua osatu dituzte.
EUSKARALDIA AUZOAN
Euskaraldian bete-betean sartuta, auzoko kaleetan euskararen presentziari txoko bat eskainiko diote. Hori egi bihurtzeko mural bat margotuko dute hilaren 26an, 16:30ean, oraindik erabakitzeko duten tokian. Ekik eguna argituko balu, Eguzkitzaldea karrikan margotzea da intentzioa; euria egingo balu, Olaberriara sartzeko autobideak sortutako zubi azpia izango da kokalekua. Bizpahiru egun lehenago erabakiaren berri emango dutela jakinarazi dute. Diseinuaz Xabat Santamaria Martiarena arduratu da, eta hura arituko da marrazkiaren gidatze lanetan. Giroa atsegina izateaz ere oroitu dira elkartekoak, eta musika jartzeaz gain, merienda izango da. Bizilagunak gerturatuko direlakoan, euskara auzoan nola indartu nahiko luketen erantzuteko txoko bat jarriko dute aldi berean.
Abenduaren 1ean, ipuin kontaketa antolatu dute auzo elkartean, 17:30ean, Pello Añorga oiartzuarrarekin. Irakasle izan zen Haurtzaro Ikastolan, eta 2008an euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi Literatura
Saria irabazi zuen Jenio gaiztoa ipuinarekin; urte berean, Etxepare Saria bereganatu zuen, Gerlari handiarekin.
EUSKARAREN EGUNA
Euskararen Eguna abenduaren 3a da nazioartean, eta hiriaren taupada diren auzoetan ere sumatuko da. Larreaundi-Olaberrian merkatariak, auzo elkarteko kideak eta Eguzkitza ikastetxeko ikasle eta irakasleak inplikatu dira ospakizun egun horretarako. Antolatzaileek inplikazio hori bilatu dute espresuki, auzoari bizia emateko eta auzotarrak elkar ezagutzeko estrategia moduan. Hartara, 11:30ean, Eguzkitza BHIk euskarazko materialen bigarren eskuko azoka egingo du, farmaziaren ondoko plazatxoan. Ondoren, tarte luzea utzi dute norbere kabuz bazkaltzeko, eta 16:30ean berriz farmaziako plazatxora irteteko deia egin dute. Bingo bat martxan izango da ordurako, auzotarrak elkarren arteko konfiantza berotzen has daitezen. Jarraian, hizki zopa txapelketa egingo da, 17:30ean. Talde arteko lehiaketa izango da, eta geroago esango dute nola eman daitekeen izena. Une berean, 17:30ean hasita, txikienei begira jarriko dira, eta haur jolas kolaboratzaileak antolatu dituzte.
Egun hori probestuko dute ere gaurtik abenduaren 3ra bitarte euskaraz auzoko dendetan eskatu dutenen arteko zozketa egiteko. Abenduaren 3ko 19:00etan egingo dute zozketa. Hori bukatutakoan, txokolatada izango da, eta auzoko ostatuetan zehar egingo den zintzur bustitze musikatuarekin itxiko dute eguna.