Auzoen beharrei erantzuteko horien azterketa egingo du udalak
Azterketa soziologikoarekin azaroaren 21ean hasiko dira. Metodologia ezberdinak erabiliko dituzte beharrak hautemateko.
Auzoen gaineko azterlan soziologiko bat egiten hasiko da hilaren 21ean Irungo udala, EH Bilduren zuzenketaren ondorioz.
Aztertu nahi dutena da toki bakoitzean zein gizarte egoera dagoen, ondoren antzematen diren beharrei erantzuteko. Horretarako, 18 urtetik gora dituztenen artean 1.600 elkarrizketa egingo dituzte.
Auzoetako bizimodu globala izango dute hizketagai eta aintzat izango dituzte galderatan bizilagunen bizi-kalitatea eta ongizate maila. Azken hori neurtzeko gizarte kohesioa, zerbitzu eta ekipamenduak, hiri eta ingurumen kalitatea eta bizikidetza izango dira faktoreak.
Inkesta ez da izango erabiliko duten tresna metodologiko bakarra. Estatistika datuez baliatuko dira, auzoak zuzenean behatuko dituzte, eztabaida taldeak sortuko dituzte Irungo elkarte sarearekin eta elkarrizketak egitea dute asmo eragile nagusiekin.