[Elkarrizketa] «Literatura, une ezegonkor hauetan, zapaltzeko lur sendo bat da»
‘Humanitatearen une gorenak’ saiakera liburua argitaratu berri du hondarribiarrak. ‘Argia’-n hiru urtez idatzi dituen zutabeak bildu ditu bertan. Literaturaren inguruan hausnartzen du egileak.
Hasieran denborarik gabeko zutabeak idatzi nahi zenituen Argia-n, baina gerora zerbait sakonagoa bihurtu da.
Egia da zutabea egitea eskaini zidatenean oso argi nuela ez nuela zutabea lotu nahi, bereziki, aktualitateari. Iruditzen zait horrelako zutabeak euskal prentsan jende dezentek egiten dituela, eta beste zerbait eskaintzeko asmoarekin, gaur irakur zitezkeen zutabeak idatzi bai, baina bihar ere irakur zitezkeenak idatzi nahi nituen. Begirada pixka bat altxa eta egunerokoari begiratu baino, urrutiago begiratu eta horri buruz idatzi. Halako batean konturatu nintzen irakurtzen nituen gauzei buruz, edo nik irakurtzen nituen gauzekin, nolabait dialogoan, elkarrizketan, edo batzuetan kontra eginez edo hortik sortutako hausnarketa batekin, testuei buruzko testuak bilakatu zirela. Eta konturatu nintzen liburuez hitz egiten zuten zutabeak hobeak zirela liburuez hitz egiten ez zutenak baino, eta, beraz, horretan jarraitu nuen.
Zutabeak kronologikoki bildu dituzuenez, segida bat du liburuak, ezta?
Bai. Hasieran gure kezka nagusietako bat zen nola aurkeztu, modu askotara bildu daitezkeelako zutabeak. Azkenean hari kronologikoa mantentzea erabaki genuen, azken batean idazketa bitartean ere, dagoeneko, liburu bat osatzen joan zirelako zutabe horiek. Gero bai, aurkibide bat gehitu diogu bukaeran. Hor kontzeptuka bildu ditugu zutabeak, tematikaren arabera. Irakurketa lineala egin daiteke hasieratik bukaerara, noski, baina baita kontzeptuen arabera ere.
Nola hautatzen zenituen jorratu nahi zenituen gaiak?
Hori ez da beti modu bakar batean izan. Gehienetan momentuan irakurtzen ari nintzen horrek zerbait pizten bazidan, horri heltzen nion. Gutxiagotan joan naiz propio liburu bat edo gai bat bilatzera. Asko irakurtzen dut, oso gustuko dut, eta ordu asko eskaintzen dizkiot irakurketari. Orduan, ez da zaila izan motibatzen nauten testuak aurkitzea egunaren bukaeran, eta zer esanik ez astearen bukaeran.
Humanitatearen une gorenak izenburua nahiko modu ironikoan jarri genuen. Une gorenak niretzako bizitzako gauza arruntak dira, kafe bat hartzea, adibidez. Liburuan ardoaz, siestaz, paseoez… hitz egiten da, uste dudalako gauza inportante eta gorenak hain zuzen horiek direla, eta ez askotan saldu nahi diguten ideia abstraktu eta ukiezin horiek. Liburuan, beraz, tonu orokor bat dago, nahiz eta irakurketak oso ezberdinak izan denboran eta lekuan.
Literatura zertarako den hausnartzera gonbidatu dituzu irakurleak.
Bizi ditugun garai nahasi hauetan ez dago ziurtasunik, ez dago heldulekurik, eta literatura, nire kasuan behintzat, oso helduleku ona da. Hala izan da ere azken hiru urte hauetan, eta izaten jarraituko du. Zapaltzeko lur bat eskaintzen dizu, nolabait, garai ezegonkor hauetan, garai likido hauetan zapaltzeko lur sendo bat. Liburua literaturaren erreibindikazio bat da, jendearekin konpartitzeko eta esateko: begira, eguneroko abiadura horretan badago korronte bat mantsoago doana, eta hori da, hain zuzen, literatura. Hori da garai hauei aurkitu diedan erantzuna. Irakurtzean aurkitzen dut kontsolamendua, plazera, jakintza… Gauza asko ikas daitezke literaturatik. Literatura, gainera, tradizio bat da, oso atzetik datorrena. Telebistaren edo zinemaren aldean oso zaharra dena, eta beraz, aurreko garaietan funtzionatu duen bezala, uste dut gaur egunean ere, nahiz eta konpetentzia handia daukan, funtzionatzen duen zerbait dela. Hori transmititu nahi izan diot irakurleari.
Irakurleak zerekin geratzea gustatuko litzaizuke?
Nahiko nuke irakurketarekin plazera hartzea. Uste dut saiakera izanda ere nahiko atsegina dela. Tonua ez da oso solemnea, ez da saiakera akademiko bat, eta beraz, ez da saiatzen tesi akademiko handi bat garatzen. Gauza txikiak dira, eta gauza txiki horien arteko elkarreragina da niri gehien interesatzen zaidana. Plazeraz gain, literaturaren balioaz ohartarazi nahi diot jendeari. Denak gaude oso nahasita, baina badaude helduleku batzuk gure egunerokoa eta gure bizitza eramangarriagoa egiteko, eta horietako bat da literatura. Konbentzituta nago eta pertsonalki probatu dut. Hori ere transmititu nahi diot irakurleari. Mezu hori jasotzen badu, ni pozik.
Kritikaria zara. Nolakoa da testuei etengabe bigarren buelta bat eman behar izatea?
Kritikariaren lana asko lotzen da obra baten ebaluazioarekin. Baina bigarren fazeta bat izan dezakeela uste dut; ezkutuan geratu diren, ahaztuta geratu diren edo bere momentuan oihartzuna izan ez zuten autoreak edo testuak berreskuratzea. Eta kritikari bezala hori da niri interesatzen zaidana.
Ez da bilduma bat kaleratzen duzun lehenengo aldia.
Hor bi gauza daude. Alde batetik pertsonala, esan dezagun proiektu luzeetako ez naizela oso kapaza. Esan nahi dut kosta egiten zaidala esatea: Hiru urtetan honi buruz idatziko dut. Orduan astero publikatzeko derrigortasun horrek martxan jartzea ahalbidetu dit eta proiektu bat momentuan berean egiten joatea. Hori batetik, eta bestetik, puskekin, zatiekin edo testu laburrekin osatutako saiakera tradizio oso bat dago, eta Angel Lertxundi izan daiteke horrelako adibide bat. Bilduma zalea naiz literaturarako ere. Baina ulertzen dudalako piezak elkarri ondo josita eta koherentzia eta batasun bat emanda izan daitekeela berdin baliagarria.
Hondarribiarra izanik Bartzelonan bizi zara. Burua non izaten duzu, Katalunian ala Euskal Herrian?
Hori galdera zaila da ze ez dut eskizofrenia adierazpenik egin nahi, han egonda hemen nago, eta halakorik. Baina hain justu, liburuan biltzen dudan autore batek, Ingeborg Bachmann-ek, bera austriarra zen baina urte askoan Erroman bizi izan zen, esan zuen bakarrik Erroman bizi izanda bizi ahal zela nolabait bere jaioterrian. Hau da, Vienan ezingo lukeela bizi eta bertan bizitzeko modu bat zela Erroman bizitzea. Distantzia bat izateak zure jaioterriarekiko eta zure identitatearekiko oso osasungarria dela uste dut. Kanpoko begirada eskaintzen dizu. Eta hori ez da hobea, beste begirada bat da, ezberdina. Orduan esan daiteke bartzelonan bizitzea dela ni Hondarribian bizitzeko modurik onena.