Badator Amua In-Edit 2022, Musika-Film Laburren Zinemaldia
Jaialdiaren bigarren edizioa abenduaren 8, 9 eta 10ean izango da. 14 film eskaintzeaz gain, hainbat kontzertu izango dira ere.
Bigarren urtez jarraian bueltan izango da Hondarribian Amua In-Edit Musika-Film Laburren Zinemaldia. Abenduaren 8, 9 eta 10ean Itsas Etxea Auditoriumean izango da jaialdia. Ernesto Toledo, Amua elkarteko kidea oso pozik agertu da bigarren edizioaren prestaketarekin: “lehenengo ediziotik gauza asko ikasi ditugu eta aurtengoa borobila izatea espero dugu”.
Orotara, estatu osoko 60 lan jaso ditu Amua elkarteak eta horietatik 14 hautatu dituzte. Sari banaketa jaialdiaren azken egunean izango da eta lau sari banatuko dituzte: lehen saria (2.000 euro), bigarren saria (1.000 euro), hirugarren saria (500 euro) eta publikoaren saria (2.000 euro). Epaimahaia hiru adituk osatuko dute: Begoña del Tesok, Diario Vasco egunkariko kazetariak, Josemi Beltranek, Donostiako Udaleko zinema unitateko, Beldurrezko Zinemaren Asteko edoeta Giza Eskubideen Jaialdiko zuzendaria eta Jose Luis Rebordinosek, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria.
Abenduaren 8an arratsaldeko 18:00etan izango da jaialdiaren aurkezpena eta haren ondoren, lehen proiekzioarekin zabalduko da jaialdia. Ondoren 20:30ean Juan Perrok kontzertu emanaldia eskainiko du -sarrerak 18 euroan Kutxabanken eskura daitezke-. Abenduaren 9an proiekzioen bigarren eta hirugarren saioak eskainiko dituzte. Lehena 18:00etan izango da, bigarrena aldiz 19:30ean. Abenduaren 10ean, jaialdiari amaiera emateko, musikak hartuko du protagonismoa. 12:00etan ‘Las Piñas Pinchan’ DJ Tailerra eskainiko dute. 17:00etan, berriz, In-Edit Saioa: ‘Sonic Fantasy’. 19:00etan sari banaketaren txanda izango da eta banaketaren ondoren Mark Cunninghamek, New Yorkeko musikari ezagunak, kontzertua eskainiko du. Azkenik, 21:30ean Shirley Davis & The Silverbacks taldeak, bai eta DJ Fonki Cheffek ere kontzertua eskainiko dute jaialdia borobilduz.
Sarrerak eta gonbidapenak Arma Plazako Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira hilaren 21etik aurrera. Aurrerago Kutxabanken webgunean ere erosteko aukera egongo da. Eskaintza guztia doan izango da Juan Perroren kontzertua izan ezik.