Ikasturte berrian ere ingurumena ardatz
Atzo goizean Txingudiko Zerbitzuak ikasturte berrirako prestatu duen programazioa aurkeztu zuten Egiluze Ikastetxean.
Txingudiko Zerbitzuak hainbat tailer antolatzen ditu ikasturtero ikastetxeetan ingurumen hezkuntza lantzeko helburuarekin. Iaz 156 tailer antolatu zituzten eta 3.570 ikaslek parte hartu zuten. Kudeaketa jasangarria, ekonomia zirkularra, 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak, hiri garbiketa, energia, hondakinak, ura eta beste hainbat gaien inguruan ezagutza garatzeko eta hausnartzeko tailerrak dira.
Atzo goizean ikasturte berrirako programazioa aurkeztu zuten Egiluze Ikastetxean. Leire Zubitur Txingudi Zerbitzuaken gerentea, Juan Luis Silanes Hondarribiko Ingurumen zinegotzia, Borja Olazabal Irungo Garapen Iraunkorreko ordezkaria eta Egiluze Ikastetxeko ordezkariak izan ziren bertan.
Lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei ura, energia, hondakinak eta hiri garbiketa ardatz izango dituzten bost tailer eskainiko dizkiete. Hortaz gain, aurten, tailer berri bat prestatu dute: kontsumo tailerra. Ekintza horretan ekonomia zirkularraren xehetasunak ezagutu eta kontsumo ereduaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute gazteek.
Beñat Egiazuk, Agenda 2030en Egiluze Ikastetxeko arduradunak oso positiboki baloratu ditu Txingudiko Zerbitzuak prestatzen dituen tailerrak: “ikasleak tailerrak atsegin handiz hartzen dituzte eta edukia etapa ezberdinetara egokitzen da”. Hondarribiko eta Irungo Udalek, berriz, ingurumenarekiko lanean jarraitzeko eta ingurumen hezkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi zuten.
Tailerretan izena emateko epea uneoro dago irekita, hala ere, lehenbailehen egitea komeni dela nabarmendu du Leire Zubiturrek. Izan ere, modalitate eta data ezberdinen artean aukeratu ahal izateko lehenbailehen izena ematea komeni da.