Mallorca, Real Unionen hurrengo arerioa
Atzo zozkatu ziren Espainiako Kopako bigarren kanporaketak eta txuribeltzek Lehen Mailako beste talde baten kontra jokatuko dute, Galen.
Real Unionen Espainiako Kopako ametsak aurrera darrai, eta atzo ezagutu zuen bigarren kanporaketan aurrez aurre izango duen arerioaren izena. Aurkaria Mallorca izango da, hortaz, Cadiz kanporatu ondoren, Lehen Mailako beste talde batek bisitatuko du Stadium Gal.
Kanporaketa horien ordutegia ez dute oraindik zehaztu, baina Real Unionek etxean jokatuko du abenduaren 20an, 21ean edo 22an.
Kopako ilusioa nabarmena den arren, egutegiak ez du etenik txuribeltzentzat, eta igandean izango dute ligako hurrengo erronka. Alacanten jokatuko dute Intercity taldearen aurka, 12:00etan. Sailkapeneko azken postuan da Real Union, eta irabazten hastea gakoa izango da beheko postuetatik atera ahal izateko eta bolada txarrari bukaera emateko. Denbora dute egoera iraultzeko, eta ziur Cadizen aurkako garaipenak konfiantzaz bete duela taldea.