Hondarribiko PSE-EEk "etxeko lanak egiteko" eskatu dio alkateari
Mendelu auzoaren eraberritze planaren inguruan mintzatu da Hondarribiko PSE-EE. Gaur goizean Mendelu auzoan bildu da bertako auzo elkartearekin.
Gaur goizean Mendelu-Zaharra auzo elkarteko kideekin bildu da Hondarribiko PSE-EE auzoak dituen arazoen inguruan hitz egiteko. Miguel de los Toyos, Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako kontseilari ordea ere bileran izan da.
Iosu Alvarez bozeramailearen ustez “premiazkoa” da Mendelu auzoaren eraberritzea martxan jartzea: “Mendelu auzoko bizilagunak baztertuta sentitzen dira eta erantzukizun bat dugu beraiekin”. Ordezkariak kezkaz azaldu du Txomin Sagarzazu alkatea duela hilabete bildu zela kontseilari ordearekin, eta “proiektu berri bat martxan jarri nahi duela dirudien arren”, oraindik proiektuaren azalpenik eman ez duela. Bestalde, Alvarezek dioenez, proiekturik gabe ezin da auzoa eraberritzeko inongo tramitaziorik zabaldu Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda sailburuordetzan. Horregatik guztiagatik, alkateari, “etxeko lanak egiteko” eskatu dio PSE-EEk.