Gonzalo Carrion EAJren zerrendaburu
Gaur goizean aurkeztu du Hondarribiko EAJk Udal Hauteskundeetara aurkeztuko duten hautagaia. Aurkezpena alderdiak zabaldu berri duen bulego berrian izan da.
Gonzalo Carrion Insausti (1977) izango da 2023 urteko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan EAJren zerrendaburua. Hala jakinarazi dute gaur goizean jeltzaleek Matxin Arzu kalean zabaldu berri duen bulego berrian. Hondarribiko EAJren Batzarrak aho batez aukeratu eta Carrionek “ilusioz” jaso du alderdiak planteaturiko erronka berria.
Erabakia ez da erraza izan egun Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia denarentzat, baina proposamena etxekoekin hausnartu eta “kemenarekin eta ilusioz” onartu du ardura: “Ez nuen espero zerrendaburu izatea, baina erronka polita jarri zidaten”. Aurkezpenean, gainera, esker berezia eman die etxekoei erronkari aurre egiteko emandako babesagatik. Hemendik aurrera, halaber, denekin hitz egiteko eta kritikak entzuteko prest dagoela jakinarazi du. Hori bai, egiten diren kritikak “lagungarriak izatea eta errespetuz egitea” eskatu du.
EAJko kideek “gertuko pertsona” bezala definitu dute Carrion, eta ekintzak burutzeko, erabakiak hartzeko eta edozein egoeratan irtenbideak bilatzeko gai den pertsona dela ziurtatu dute. Udalean egin dituen 8 urteetan jasotako esperientziarekin, gainera, kargurako “pertsona egokia” dela uste dute. Bi seme-alaba ditu eta kirolari “amorratua” da. Azkenik, Carrionen lidertza gaitasuna nabarmendu dute: “Pertsona bakoitzaren onena ateratzen daki helburu kolektibo baten alde, eta hori da une honetan behar duguna”, adierazi du Larraitz Gezalak, Uri Buru Batzarreko bozeramaileak.
Gezalarekin eta hautagaiarekin batera, aurkezpenean parte hartu du Xabier Zabala Uri Buru Batzarreko presidenteak. Bestalde, Gonzalo Carrioni babesa emateko Maria Agirre, Amaya Gezala, Mikel Labaien, Peio Lapitz, Jose Ramon Mutuberria, Iñaki Ocio, Maiaia Urrutia eta Alaitz Zabala izan dira bertan, Uri Buru Batzarreko kide gisa.
2023rako hauteman dituzten erronkak
Alderdi moduan eta osatuko duten taldearen erronka nagusia Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aurrera ateratzea izango dela aurreratu du Carrionek: “Hori gabe ezingo dugu hiria hobetu”. HAPO berriarekin etxebizitzak hobetzea aurreikusten dute, babes ofizialekoak eta baita pribatuak ere. Bigarren erronka mugikortasunaren alorra izango da, eta horretarako aparkalekuen arazoarekin amaitu nahi dute: “Aparkalekuen arazoa ezin dugu guk bakarrik konpondu, eragile guztien laguntza beharko dugu: ostalaritzaren, merkatarien eta bizilagunen laguntza alternatiba egokiena bilatzeko”. Alde Zaharrari bultzada bat ematea izango da planteatuko duten hirugarren erronka. Beti ere, auzo nagusiak ahaztu gabe: Puntalea, Mendelu, Amute, Akartegi… Dena dela, oraindik gauza asko daude zehazteke eta horiek guztiak pentsamendu ezberdinak dituen jendearekin osatzeko asmoa duela gaineratu du Carrionek: “Denen pentsamenduak eta ideiak izango dira guretzat erronka eta batzen gaituen hiria”.
Hondarribiko EAJ etapa berri bat zabaltzera doa, “estilo berri batekin, lidergo berri batekin”. Erronka berri horri aurre egiteko, beraz, bulego berri bat zabaldu dute, Hondarribia eginez 23-27 deituriko gunea. Azaldu dutenez, herritar guztiek zabalik izango duten aretoa da, eta aurrerago aurkeztuko dute, gune berrian, aurrera eramango duten programa.