Bi gai ezberdin VIII. Asun Casasola Ipuin Lehiaketan
Gazteek ea haurrek nola bizi duten indarkeria matxista dute abiapuntu; bestetik, helduak, haurren begiradan jarri beharko dira indarkeria matxistaz idazteko. Ipuinak, azaroaren 25etik aurrera aurkez daitezke.
Iragan dira bederatzi urte Asun Casasola Ipuin Lehiaketa martxan jarri zenetik eta aurtengoa VIII.edizioa izango da. Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko bokazioz abiatu zela gogoratu dute aurtengo edizioko gaurko aurkezpenean antolatzaileek, Oihana Llorente Arretxea, Ainara Lopez Zarco eta Joana Otxoteko Bengoetxeak. Asun Casasolak ezin izan du bertaratu.
VIII.edizioa
Beste urteetako baldintzei eutsi diete, berrikuntza bakarrarekin: gazte eta helduei gai ezberdinak proposatu dizkiete. Gazteek, 2005 eta 2012 urteen artean jaiotakoek, ea nola ikusten duten umeek indarkeria matxista galdera dute proposamen; helduek, 2006 urtera arte jaiotakoek, indarkeria matxista haurren begiradatik irudikatzeko lana izango dute.
Bai helduen eta bai gazteen kategorietan, euskaraz eta gaztelaniaz ahalko dira aurkeztu lanak. Era horretan, kategoria bakoitzean hizkuntza bakoitzeko sari bana banatuko dute. Helduenean, 300 euro irabazle bakoitzari eta gazteei 100 euro irabazle bakoitzari.
Gainera, saridun guztiek 50 euroko balioa duen Iruñeko Katakrak liburu dendak feminismoaren bueltan osatutako liburu sorta bana eramango dute ere.
Emakumez osatutako epaimahaia izango da edizio honetakoa ere. Horrela, helduen euskarazko lanak baloratzen arituko dira Yurre Ugarte, Ainhara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain; gaztelaniazkoak, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez.
Aldiz, gazteen euskarazko ipuinak irakurtzen Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez egongo dira; gaztelaniazkoak, Noelia Lorenzo, Maite Bergara eta Naroa Gonzalez.
Ipuinak bidaltzeko epea datorren azaroaren 25ean irekiko da eta 2023ko otsailaren 10era arte posible dira aurkeztu. Hiru bide daude lanak aurkezteko, asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikora idatzita, BDS Koopera posta arruntaz bidalita (Aixin Zolua ibilbidea, 5 zenbakia. 20304, Irun) edota BDS Koopen fisikoki entregatuta.
Ipuin lehiaketa baino gehiago
Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzera bidean, ipuinen irakurketa musikatua egingo dute azaroaren 23an, Argoiak elkartean (Bertsolari Uztapide, 6), 17:00etan. Ekitaldia bukatutakoan luntxa eskainiko dute.
Bestetik, igande honetan (hilak 20), Haurren Eskubideen aldeko nazioarteko eguna da eta jakina da Zabaltza plazan jolas bereziak jarriko dituztela. Horretan parte hartu dute lehiaketaren antolatzaileek eta irakurketa txokoa jarriko dutela iragarri dute. “Haur literaturaren bidez berdintasunerantz hegan egiteko”.
Lehiaketara itzulita, ia hamarkada bete duten honetan datuekin laburpen bat egin dute. Edizio guzti hauetan 2.500 ipuin baino gehiago jaso dituzte, eta orain, altxor horiek jasotzeko webgune berri batean dabiltza lanean. Oraingoz, gutxi batzuk irakur daitezke lehiaketaren orrialdean.
Azkenik, esker bereziak eman dizkie beraiekin bat egin duten eskolei. “Geroz eta eskola gehiago dira ariketa honetan gurekin bat egiten dutenak eta hemendik gure eskerrik beroena helarazi nahi dugu”.