Hainbat elkartek deituta, itsasoan hil edo desagertu direnak oroituko dituzte mugako skate parkeko monolitoaren ondoan.
‘Heriotzen kontra eta eskubideen alde’ lelopean, ekitaldi bat egingo da hilaren 20an, igandea, 12:00etan, mugan dagoen skate parkeko monolitoaren ondoan. Hainbat izan dira ekitaldia babestu duten elkarteak; hala nola, Korapilatuz, Pastoral Diocesana de Migrantes, Caritas Gipuzkoa, CONFER, Donostiako Loiola Zentroa, Donostiako eta Errenteria-Oreretako meskitak edota FIVASCO.
Ekitaldi horren helburua da itsasoetan hil edo desagertu diren pertsonen memoria oroitzea. Zenbait irakurketa egingo dira aniztasun erlijioso eta kulturala jorratuz, eta bidean geratu zirenen bizitzak oroituko dituzte. Familiak eta gertukoak euren min eta sufrimenduan lagunduko dituzte.
Aferan inplikatuta dauden instituzioak zein diren gogoraraziko da, eta, zehazki, Europar Batasunean jarriko dute arreta, eta honakoa esango diote: “Pertsona orok du libreki zirkulatzeko eta bere erresidentzia eremu batean aukeratzeko eskubidea. Pertsona orok du bere jatorrizko herrialdea uzteko eta itzultzeko eskubidea”. Migratzaile eta errefuxiatuak itota hiltzera kondenatzen dituzten politika berekoiak ere salatuko dituzte.
Gerrekin, esplotazioarekin eta espoliazioarekin aberasten diren botere ekonomikoen jarrera ere salatuko dute, milioika pertsona behartzen baitituzte lekualdatzea babes politikoa, ekonomikoa edo klimatikoa bilatzeko.
Azkenik, pertsonen arteko kontzientzia piztea bilatuko dute, senidetasuna posible dela aldarrikatuz.