Hondarribiko Olinpiaden atarian Portua dantzan jarriko dute
Datorren urteko Olinpiadei begira "grina pizteko" arratsalde berezia antolatu du Gazte Asanbladak.
Giro itzela sortuko da larunbat honetan Hondarribiko Portuan, «Olinpiaden grina pizteko eta badatozela ospatzeko» musika festa antolatu baitu Gazte Asanbladak.
17:00etan hasiko da lehenengo kontzertua, Kixkil Erromeriarekin. Ondoren, Peña Poteo Txarangak hartuko du festaren lekukoa. Biak ala biak Portuan izango dira, baina euria egingo balu Soroetara lekualdatuko lirateke. Azkenik, Kirol kaira lekualdatuko da festa. DJ Kanupiren musikarekin dantzan jarraituko dute.
Musikaz gozatzeaz gain, Hondarribiko Olinpiadetan parte hartzeko gonbitea izan nahi du festak. Antolakuntzatik azaldu dutenez izen ematea irekita dago eta larunbatean ere apuntatzeko aukera egongo da. Bestalde, talde bakoitzak bere gain hartu beharko dituen konpromezuak plazaratu dituzte dagoeneko. Horiek Hondarribiko Olinpiadak-en sare sozialetan irakur daitezke.