Diru publikoaren erabilera zuzena egitea eskatu du Abotsanitzek
EAEko fiskal nagusiak Hondarribiko Udalean, obra eta zerbitzuen kontratazioan, irregulartasunak gertatzen direla berretsi duela ziurtatu du koalizioak.
Urteak dira Abotsanitzek obra eta zerbitzuak kontratatzeko prozeduretan Sektore Publikoko Legea betetzen ez dela salatzen diharduena. Izan ere udal taldearentzat ezinbestekoa da kontratazio publikoan ustelkeriaren aurkako borroka eta prebentzio neurriak ezartzea, praktika horiek “instituzioekiko mesfidantza” sortzen dutela uste baitute. Salaketak Udal Kontu-hartziletzatik eginiko txostenetan; Herri kontuen Euskal Epaitegiak 2016an publikatutako txostenetan; eta Lehiaren Euskal Agentziak 2021ean eginikoan oinarritzen dira.
Gaurko egunez, Hondarribiko Udalean obra eta zerbitzuen kontratazioan irregulartasunak gertatzen direla salatu du berriro ere koalizioak. Honakoa, gainera, EAEko fiskal nagusiak berretsi duela ziurtatu dute: “EAEko fiskal nagusiak aditzera eman du Hondarribiko Udalean irregulartasunak gertatzen direla modu ohikoan eta luzean, Abotsanitz Udal Taldeak behin eta berriro salatu modura”. Baina ez hori bakarrik, Carmen Adan EAEko Fiskal Nagusiak Parlamenduan eginiko agerpenean “Hondarribia urte luzeetan jardun irregularrak egiten jarraitzeagatik ikerketa sakonago batez salbuetsita” geratu dela jakinarazi zuela esan dute.
“Praktika txar hauek” Hondarribiko Udalaren izena “zikintzen” duela sinetsita honako baloreak defendatzen jarraituko dutela baieztatu dute: sektore publikoko kontratuetako lizitazioan parte hartzeko askatasuna, prozeduraren gardentasuna, publikotasuna, lehiakideen arteko diskriminaziorik eza eta tratu berdintasunaren printzipioa betetzea. Eta orain arte jokatu bezala, “zintzoki jokatzeko” konpromisoa berretsi dute.