Oihana Briones, Irungo EH Bilduren bozeramaile berria
Azken hiru urteetan Irungo Udalean zinegotzi gisa aritu ondoren, Jokin Melidaren lekukoa hartuko du Brionesek.
Irungo EH Bilduk jakinarazi du azken hiru urteetan zinegotzi izan den Oihana Briones Aramendi izango dela koalizio abertzaleko bozeramaile berria Irungo Udalean agintaldia bukatu arteko epean, “kargu berrian lan egiteko baldintza guztiak betetzen” baititu.
EH Bilduk legegintzaldian zehar egin duen lana “balioan” jarri du, eta helburua da lan horri jarraipena ematea: “Eraginkorrak izan gara, hainbat akordio erdietsi ditugu urte hauetan, eta guretzako garrantzitsuak diren gaietan indarra jartzen jarraituko dugu”.
Era berean, bozeramaile lanean aritu den Jokin Melida Beltran de Heredia eskertu nahi izan du koalizioak. Brionesi lekukoa pasa arren, udaleko zinegotzi gisa bere ekarpena egiten jarraituko duela baietsi du alderdiak.