Nayade abesbatzak 25. urteurreneko kontzertua eskainiko du
'Printzak' diskoa aurkeztuko dute, besteak beste. Azaroaren 26an izango da emanaldia, Junkal parrokian, 20:30ean.
Nayade abesbatza duela 25 urte sortu zen eta hori ospatzeko Printzak diskoa kaleratu dute. Lan hori aurkezteko, gainera, kontzertu berezi bat antolatu dute Junkal parrokian, azaroaren 26rako, 20:30ean. Urteurrena ospatzeko modu hoberik ez dutela ezagutzen adierazi du Alaitz Urkia zuzendariak.
Kontzertuak aldarrikapen izaera izango duela diote, “esperientziari leiho bat”. Natura beharrezkotzat jo dute haien bizi pertsonalean eta koral gisa. “Horregatik Printzak diskoa naturarekiko errespetuaren kantua ere bada”. Diskoa eta kontzertuak osatzen duten proiektua “itzaletatik atera eta argitara hurbiltzea” da Nayaderentzat.
Errepertorio melodikoa dela 26rako aukeratutakoa azaldu dute, bertako eta kanpoko autoreen lanekin egindakoa. Besteak beste, Idoia Azurmendi, Junkal Guerrero, Eva Ugalde, Javi Busto edo Xabier Sarasolaren lanak izan dira hautatutakoak.
Horiez gain, 25 urte hauetan koralarekin elkarlanean aritu diren beste artista batzuekin partekatuko dute oholtza. Hala nola, Belen Sierra piano jotzailearekin; Gainera, Marrazki eta Pinturako udal akademiak koadroak egingo ditu zuzenean, eta Bakarne Atxukarro kazetariak, testua eta ahotsa jarriko dizkio kontzertuari.
Emakumeak musikan duen papera ikusarazi nahi dutela dio koralak. “Lehenik eta behin gure ahotsen bidez, eta baita aukeratutako errepertorioaren bidez ere: interpretatuko ditugun obra asko egungo euskal konpositoreenak dira”.
Azkenik, aipamen berezia egin diete Irungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Olatuak proiektuari, “bere lankidetzarekin proiektu hau argitara ematea ahalbidetu baitute”.