Fermin Vila 'Fermo' Euskal Herriko presondegi batera aldatuko dute
Zaragozako Zuerako espetxean dago orain eta Eusko Jaurlaritzak erabakitzeke du zein espetxera lekualdatuko duten.
Fermin Vila Mitxelena Fermo preso irundarra Zueratik (Zaragoza) Euskal Herriko espetxe batera lekualdatuko dutela jakinarazi zuen atzo BERRIAk. Baieztapena, Espainiako Espetxe Erakundeek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eman duela adierazi dute. Oraindik ea Zaballa, Basauri edota Martutenera eramango duten ez dute argitu.
Irungo lau euskal preso politikoak Euskal Herrian egongo dira, beraz. Azken aldaketa duela aste batzuk izan zen, Iratxe Sorzabal Zaballara eraman zutela konfirmatu zutenean; Bestetik, Francisco Jose Ramada Bera, hirugarren graduan da, eta espetxealdia etxean betetzen ari da pultsera telematikoarekin; eta Aitor Olaizola Zaballako (Araba) espetxean da.
Bilbon urtarrilaren 7rako manifestazio handia antolatu dute Sarek eta Bake Bidea/ Bakegileak. Bi urte egon dira mobilizazio hau antola ezinik eta oraingoa “momentu indartsua” dela adierazi zioten antolatzaileek BERRIAri. Etxera bidea, Gertu da erabiliko duten lema eta Autonomia kaletik irten, eta Bilboko udaletxean bukatuko da.