Errugbilari gazteak izango dira protagonistak berriro ere
14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeak izango dira zelairatuko diren bakarrak. Horrez gain, neskei zuzendutako entrenamenduak ostegunetan ere egiten hasiko dira.

Iragan asteburuaren antzera, Zaisa Txingudiko errugbilari gazteak izango dira zelairatuko diren bakarrak, 14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek izango baitituzte partidak, denek etxetik kanpo. Gizonen senior taldeak, aldiz, atsedena izango du asteburuan.
14 urtez azpikoek triangulatu bat izango dute Zarautzen etxeko taldea den Zarautzen eta Bera Beraren aurka. Orain arte, Gipuzkoako zazpiko errugbiko txapelketan aritu dira, eta aurtengo hamabosteko lehen partidak izango dira asteburukoak. Triangulatua larunbatean izango da, hilak 19, 10:30ean, Zarautzeko Asti zelaian.
16 urtez azpikoek, berriz, Gasteizen izango dute euren lehia Gaztedi B-ren aurkako neurketan. Arabarrak hirugarren dira sailkapenean eta bi partida irabazi dituzte jokatutako lau jardunaldietan. Bidasoarrak, aldiz, irabazi gabe dira oraindik, baina bolada txarra bukatzetik oso gertu izan ziren aurreko astean Bera Beraren kontrako norgehiagokan. Sasoiko lehen garaipena poltsikoratzen saiatuko dira errugbilari gazteak.
Azkenik, 18 urtez azpiko taldeak Iruñean izango du hurrengo erronka Iruña-UNAV taldearen aurka. Nafarrek ez dute denboraldia sasoi onean hasi, eta puntuak pilatzen hasteko irrikan egongo dira. Txingudi-Uribealdeak, ordea, iragan asteburuan lortutako konfiantza baliatu nahiko du bolada onean jarraitzeko.
Nesken entrenamenduak, ostegunetan ere
Denboraldi hasieran emakumeei zuzendutako entrenamenduak antolatzeko iniziatibaren “arrakasta nabarmena” izan dela zehaztu dute Txingudiko kideek. ‘Patxi’ Garcia elkartearen zuzendari teknikoak jakinarazi du dozena bat neska gazte dituztela asteartero entrenatzen eta euren parte hartzea eta konpromisoa “apartekoak” direla zehaztu du.
Hori dela eta, partaideen proposamenarekin bat eginez, astearteez gain, klubak entrenamenduak ostegunetan ere egitea erabaki du, 17:30etik 19:30era. Inguruetako neska guztiak gonbidatu nahi dituzte Plaiaundira, astearte eta ostegunetan. “Kirol ezberdin bat, aparteko lagunak eta balore oso errotuak ezagutuko dituztela bermatzen dugu”, aurreratu du Garciak.