EAJk Segurtasun Ituna betetzeko eskatu dio alkateari
Jeltzaleek "herritarren segurtasun ezarekin kezkatuta" daudela azaldu dute, eta Segurtasun eta Bizikidetzaren Batzorde Iraunkorra eratzea eskatu diote Santanori.
“Irun, aspalditik, bizi dugun egoeraren berri eman besterik egiten ez duten, albiste eta gertakari arbuiagarriak bizitzen dabil”. Irungo EAJren hitzak dira horiek. Egoera horrek irundar askorengan “segurtasunik ezaren sentsazioa” sortzen duela azaldu du alderdi jeltzaleak, “eguneroko normaltasuna eraldatzen” duena. Horren aurrean, duela ia bi hilabete, “aho batez”, Irungo Udaleko Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Hiri Ituna sinatu zutela zehaztu du Irungo EAJk, eta hilabete pasa da dokumentua auzo elkarteei eta hiriko merkatari eta ostalaritza elkarteei aurkeztu zitzaiela.
Itun horrek Segurtasun eta Bizikidetza Batzorde Iraunkor bat sortzea jasotzen duela jakinarazi du alderdi jeltzaleak. EAJko kideek eutsi dute batzorde hori zehaztea eta adostea izan zela gehien kostatu zen gaietako bat, Udal Gobernuak “errezeloak” erakutsi zituelako.
Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Batzorde Iraunkor horrek hiru hilean behineko maiztasuna mantendu beharko lukeela nabarmendu dute, “segurtasun gaiak aztertzeko eta egungo egoera hobetzeko neurri jakin batzuk proposatzeko”. Jeltzaleen ustez, honakoek osatu beharko lukete batzorde hori:
- Hainbat arlotako teknikariak: esaterako, gizarte-ongizatea, obrak, hiriaren sustapena, hezkuntza edota berdintasuna.
- Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arduradunak.
- Gizarte eragileak: auzo elkarteak, merkatariak, ostalaritza eta emakumeak.
- Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak.
Irungo EAJk “kezkaz” ikusten du hiriko pertsonen segurtasuna eta bizikidetza bezalako gai “garrantzitsuak eta premiazkoak” direnetan, “alkateak hain geldo jokatzea”. “Bizi dugun egoera hobetzen lagun dezakeen batzordea oraindik ez da eratu, eta bera da hori egin dezakeen arduradun bakarra, berak izendatu behar ditu batzordeko kideak”, gaineratu dute jeltzaleek.
Hori dela eta, alkateari dagozkion ebazpenak “lehenbailehen lehenetsi eta sina” ditzala eskatu nahi diote, batzordea “ahalik eta lasterren” martxan jartzeko: “Irunek ez luke gehiago itxaron behar, herritarren segurtasunak kezkatzen gaitu eta hau ere guri badagokigu. Gure ustez aukera guztiak aprobetxatu beharko genituzke, Iruni eta bertako pertsonei hiri seguruago bat eskaintzeko”.