Errugbilari gazteak izan dira asteburuko protagonistak
16 eta 18 urtez azpiko taldeen partidak eta eskolarteko eta Gipuzkoako neska eta mutilen selekzioen topaketak egin dira egun hauetan.
Partida, lehia eta topaketa askoko asteburua izan da Zaisa Txingudi Errugbi taldearentzat. Lehiari dagokionez, 16 eta 18 urtez azpiko gazteen taldeak izan ziren zelairatu ziren bakarrak. Horrez gain, errugbi eskolako jokalari gazteek eskolarteko topaketa izan zuten Lasarteko Michelin zelaian, eta taldeko hamabi jokalari izan dira Gipuzkoako selekzioen topaketan.
16 urtez azpiko taldeari garaipenak azken unean egin zien ihes Bera Bera-Baztanen aurkako partidan, eta 25-30 galdu zuten Plaiaundin.
18 urtez azpikoek, berriz, Mungian jokatu zuten Danon Artean taldearen kontra. Bidasoarrek Mungiako Uribealdea elkartearekin egin dute bat, eta larunbatean lortu zuten sasoiko lehen garaipena (26-19).
Bestalde, ligako jardunaldiez harago, Gipuzkoako Errugbi Federazioak antolatutako topaketa ezberdinak izan dira asteburuan, eta, orotara, Txingudiko hamabi errugbilarik hartu dute parte Gipuzkoako selekzioarekin. Klubeko jokalari Urtzi Arrieta eta Mattin Petrikorena 13 urtez azpiko mutilen deialdian izan dira, eta Adrien Muñoz, Oier Oliveira eta Ekaitz Sanchez, berriz, 14 urtez azpikoan. Bi taldeek Zarautzeko Asti zelaian egin zituzten entrenamenduak.
Neskei dagokionez, Eibarren egin zen Gipuzkoako neska errugbilarien topaketa, eta Txingudiko zazpi neska aritu ziren Unbeko zelaian. Maider Diaz, Helene Tristan, Lupe Pescador, Greta Gutierrez, Laida Rodriguez, Paula da Purificaçao eta Lorena Cueva izan dira klubeko ordezkariak.