60 saltoki baino gehiago atxiki dira Bidasoa eskubaloiarekin batera antolatutako deialdira.
Bilketa erraldoia antolatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Azaroaren 25etik 27ra izango da baina aurretik ildo berari eutsiz, bilketa handia deiturikoa antolatu dute Bidasoa eskubaloia eta Ondare elkarteak. Horrez gain, bilketa erraldoiaren hasierako ekitaldia ere egingo dute azaroaren 22an Artalekun, EHF European Leagueko partidan.
Erraldoia baino lehenagoko bilketa gaur hasi da eta handia deitu diote. 60 saltoki baino gehiago atxiki dira eta oraindik izena eman daitekeela abisatu dute, azaroaren 24ra arte. Amaitzen denean, bildutakoa berriz kontatuko dute eta gehien bildu duen dendak Bidasoa eskubaloiaren kamiseta bat zozkatuko du, jokalariek sinatutakoa.
Bestetik, Bidasoak Bada Huesca hartuko du azaroaren 22an, Artalakun EHF ligaren baitan eta partida hori ikusteko sarrera bikoitzak zozkatuko dituzte parte hartzen duten merkataritza dendek. Izan ere, arestian aipatu bezala, Irungo bilketa bukatuta izango da norgehiagoka izaten denerako, eta orduan bilketa erraldoia hasiko da. Artalekun ekitaldi berezi bat egingo dute, horregatik.
Bestalde, gutxienez 5kg jaki ematen dituzten zaleen kasuan, EHF European Leagueako Multzo Faseko hirugarren jardunaldiari dagokion partida bat ikusteko sarrera bat zozkatuko dute.
Aurkezpen ekimenean Gurutz Aginagalde Bidasoko presidentea izan zen eta berretsi egin nahi izan zuen Gipuzkoan klubak duen erantzukizun soziala. Gracyela Vega, Neska polita dendako arduraduna eta Bidashopeko kidea ere bertan zegoen eta jendeari parte hartzera animatu zuen.