Zaisa Txingudik etxeko lehen garaipena lortu du
Bidasoarrek Plaiaundin zeramaten bolada txarrari bukaera eman zioten Gasteziko Gaztedi B taldea garaituta (27-18).
Zaisa Txingudik Plaiaundin zeraman bolada txarrari bukaera eman zion larunbatean eta etxeko denboraldiko lehen garaipena zuten. Iñigo Camareroren mutilek Gasteizko Gaztedi B taldea garaitu zuten (27-18).
Bidasoarrak intentsitate handiarekin zelairatu ziren, eta bigarren minuturako Txingudi aurretik zen markagailuan Teo Arrutik egindako entsegu bati esker. Gaztedi, baina, ez zegoen amore ematearen alde, eta entsegu eraldatu bat lortu ondoren, aurrea hartu zuten markagailuan (5-7). Bidasoarrek ezin izan zuten urduritasuna ezkutatu, eta hainbat akats egin zituzten. Bisitariak ere ez ziren fin ibili, eta 22. eta 30. minutuetan lortutako bi entseguri esker, Txingudi aurretik joan zen atsedenaldira (15-12).
Bigarren zatian, abantaila ez galtzeko presioarekin zelairatu ziren bidasoarrak, eta ez zioten hasiera ona eman. Akats batzuk medio, 45. minutuan aurrea hartu zuten gasteiztarrek markagailuan (15-19).
Defentsa on batetik abiatuta, egiten ari ziren lan onari jarraipena eman zion Txingudik, eta Ramon Berguak, bere bigarren entseguarekin, bidasoarrak aurretik jarri zituen markagailuan (20-19). Une horretatik aurrera, Txingudi jokoa moteltzen ahalegindu zen abantaila mantentzeko. Egoera kontrolpean bazuten ere, Joao Costaren entseguak eta Adur Manterolaren eraldaketak lasaitasuna eraman zuten Plaiaundira. Azkenean, garaipena etxean geratu zen, sasoiko lehena izan dena (27-18).