Hondartza kiroldegiaren berroreka ekonomikoa onartu dute
Kirolzer enpresak milioi bat inguru jasoko du 2020tik dituen galerak konpentsatzeko. Udalak, bestalde, arduragabetzat jo ditu Abotsanitzen adierazpenak.
Joan den ostegunean, Hondartza Kiroldegia eta Jostaldi Pilotalekua kudeatzen dituen Kirolzer enpresari, 2020tik dituen galera ekonomikoak konpentsatzeko finantziazioa ematea onartu zuen Hondarribia Lantzek. Sozietate publikoak milioi bat euro inguru jasoko ditu.
Berroreka ekonomikoaren bidez, bertako langileei finantza oreka, enplegua eta herritarrei eman beharreko zerbitzua bermatuko direla uste du udalak. Konpentsatu beharreko zenbatekoa, berriz, udalaz kanpoko enpresa batek zehaztu du: 978.223 euro.
Udalaren jarduna, ordea, ez da berroreka ekonomikora mugatu. Datozen bi urteetan kiroldegiaren udal zerbitzuak kudeatzeko lizitatuko diren pleguak idazten ari dira, eta harriduraz diote ezin dutela ulertu udal gobernu taldeari egozten zaion mugikortasun eza. Egoera “zaila” dela aitortu dute, baina hura bideratzeko beharrezko erabakiak hartu dituztela ziurtatu dute.
Azkenik, Abotsanitz talde politikoak egindako adierazpenak arduragabetzat jo eta horiek salatu ditu udalak. Adierazpen horiekin “alferrikako gizarte alarma sortzen dutelako”. Are gehiago, arazoen aurrean, Abotsanitzek “laguntza eskaintzen ez” duela salatu dute.