Hondarribia Euskal Herriko IV. Aurresku Txapelketa Nagusiaren lekuko
18 dantzari igoko dira Itsas Etxea Auditoriumeko oholtzara larunbatean. Oarsoaldeko lau ordezkarik parte hartuko dute.
Larunbatean izango da Hondarribiko udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien biltzarrak antolaturiko Euskal Herriko IV. Aurresku Txapelketa Nagusia. Hondarribiak bigarrenez jasoko du lehiaketa hau. Gipuzkoar erara egingo den lehiaketa da. Izan ere gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin lehiatuko diren txapelketa izango da.
2017 urtera arte sexuaren arabera bereizitako bi Euskadiko Txapelketa antolatzen zituzten; Aurresku txapelketa, gizonezkoentzat zena, eta Soinu Zahar txapelketa, emakumezkoentzat zena. 2018an, ordea, dantzari guztiek txapelketa bakar batean parte hartzea erabaki zuten. Era honetan sortu zen egun Gipuzkoar erara antolatutako Euskadiko Aurresku Txapelketa Nagusia gisa ezagutzen den lehiaketa.
Orotara 18 dantzari izango dira oholtza gainera igoko direnak. Mattin Etxebeste (Oiartzun), Endika Osa (Lezo), Ane Jaunarena (Lezo) eta Nahia Pikabea (Lezo) izango dira Oarsoaldeko ordezkariak.
18:30etik aurrera, parte hartzaile bakoitzak bi dantza aurkeztuko ditu; Soinu Zaharra (Betronio handia, Ehun daukat edo Grazianaren artean aukeratu beharko dutena), eta aurkez aurke edo desafioa. Puntu gehien lortzen dituzten 6 dantzariek Zortzikoa dantzatu beharko dute. Epaimahaia Jose Luis Vallejok, Katerin Artolak eta Nahikari Vizuetek osatuko dute.
Denek ala denek sari bat jasoko dute. Irabazleak 400 euro, txapela eta trofeoa eskuratuko ditu. Bigarrenak 300 euro eta trofeoa eta hirugarrenak 200 euro eta trofeoa. Laugarren postutik seigarrenera 100 euroko dieta eta gainontzekoek 80 euro jasoko dituzte.