Etxebitzitzen inguruko auziaz hitz egiteko bilera irekia deitu du Abotsanitzek
Hirigintza plan berria eraikitzen laguntzeko, "elkarrizketa sustatzea eta aurrera begirako pausuez hausnartzea" helburua zango du bilerak.
Ez da Abotsanitzek etxebizitzen auziaren inguruko kezka azaltzen duen lehen aldia. 2022ko maiatzean, apartamentu turistikoen erregulazioa eskatu zuten. Izan ere, Donostiaren eta Bilboren atzetik etxebizitza turistiko gehien dituen EAEko udalerria da Hondarribia (Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren arabera). Eta horrek, Hondarribiko etxebizitza parkean eragina duela azaldu zuten. Hortaz gain, ‘Hondarribian bizi nahi dugu’ lanketa martxan jarri zuten. Besteren artean, etxebizitza publikoa lehenestea aldarrikatzen duena.
Udal taldearen aburuz, Hondarribiarrek, eta gazteek bereziki, etxebizitzak lortzeko zailtasunak dituzte, eta 1996 urtetik hona, egoerak okerrera egin duela salatu dute. 1996 eta 2020 bitartean 1.354 etxebizitza publiko eraikitzea aurreikusita zegoen (arau subsidiarioetan zehaztutako plangintzaren arabera), baina ordutik, 527 “bakarrik” eraiki dituzte. Pribatuak, ordea, bikoiztu egin dira: %40,5 izan beharrean %80,2 dira orain. Guztira 2.135 etxebizitza pribatu eraiki dira, aurreikusitakoa baino 1.214 gehiago.
Etxebizitza eskuratzeko arazoa “bereziki gazteena izan arren” ez da talde horretara soilik mugatzen. “Arazo bertikala bihurtu dugu eta helduei ere eragiten die”.
Orain, baina, plan orokorraren prozesua martxan dagoenez, horri guztiari aurre egiteko eta urteetako hirigintza politikak izandako “desoreka” zuzentzeko aukera dagoela uste dute. Herritarrak, gainera, hirigintza plan berria eraikitzen laguntzeko “parte aktibo” izan behar direla iritzi dute. Horrenbestez, “elkarrizketa sustatu eta aurrera begirako pausuez hausnartzeko” azaroaren 9rako etxebitzitzaren inguruko auziaz hitz egiteko bilera irekia deitu du Abotsanitzek.
Bilera irekia Kultur Etxean izango da 19:00etan 103 gelan.