Milioi bat euro jaso ditzake Kirolzerrek, EAJren gehiengoari esker
Udal kirol baliabideak kudeatzen dituen enpresak 650.000 eurotik gorako zorra sortu du eta udal gobernuak berrorekatu egin nahi du, horretarako baldintzak bete gabe, Abotsanitzek salatu duenez.
Kirozer enpresak Hondarribiko Hondartza Kiroldegia eta Jostaldi pilotalekua ustiatzen ditu eta 2020 urte bukaeran, enpresa lizitatzaileak kontratuarekin ez jarraitzeko eskaria egin zuen, udalak ez zuena inoiz erantzun, Abotsanitzen arabera.
Eskaria egin zutenean, ustiapenaren kanonagatik, 400.000 euroko zorra zuela Kirolzerrek jakinarazi du Abotsanitzek. Alderdiak salatu du egoera irregularrean kudeatu dituela kirol baliabideak eta udal gobernuari leporatu diote jardun falta. Egun, 650.000 eurotik gorako zorra sortu dutela baieztatu du Abotsanitzek.
Egoera horren aurrean, EAJren udal gobernuak gehiengo osoa baliatu nahi du Kirolzer enpresari 2020,2021 eta 2022 ekitaldiei dagokien milioi bat euroko oreka ekonomikoa emateko proposamena mahai gaineratzeko.”Diru publikoa, inolako justifikaziorik gabe, enpresa pribatu bati ematea onartezina da”.
Baina, berroreka hori emateko bi baldintza bete behar direla dio Abotsanitzek. Batetik, dagokion administrazioak zerbitzua ematera behartu behar duela enpresa; bestetik, enpresa lizitatzaileak berroreka eskatzeko argudio guztiak dokumentuz justifikatu behar dituela. “Hondarribian ez da lehen baldintza ez eta bigarrena gertatzen”.
Azkenik, administrazio guztietan defendatuko dutela baliabide publikoen kudeaketa egokia adierazi du alderdiak. Horretarako, udal teknikarien, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Lehiaren Euskal Agintaritzari babesa eskatu diote.